Bintou Traorek 17 urte ditu. 9 urte zituenean bere auzkideak Goian kultur eta kirol elkartean antzerki eskoletara joateko animatu zuen. “Nire bizitzako esperientziarik onena izan zen”, kontatzen du. Hilabete batzuk geroago saskibaloian jokatzen hasi zen, kirol horrek harrapatu egin zuen eta bere bizitzako zati oso garrantzitsu bihurtu da. Aurten debuta egingo du entrenatzaile gisa, elkarteko alebin talde batekin. “Goianek zoriona, energia eta lagunak ekarri dizkit, nire bigarren familia dira“, dio Bintouk.
Goian proiektu soziohezitzailea da, eta Gasteizko Alde Zaharreko pertsonen, kolektiboen eta erakundeen bizikidetzaren alde egitea du helburu. Aisialdiaren esparruan garatzen du bere lana auzoan bizi diren pertsonekin. Horren helburua da bermatzea Alde Zaharreko haur guztiek gozatu eta parte har dezatela kirol- edo kultura-arloko talde-proiektuetan, askotariko programazioaren bidez. Talde guztietan lantzen dira hezkidetza, euskararen bultzada, parte-hartzea eta aniztasuna balio gisa.
Proiektua hobeto ezagutzeko Natasha Rueda, Pilar Melguizo eta Bintou Traorerekin hitz egin dugu. Beren hitxetan “Goain ez dira kontsumitzeko jarduerak, parte hartzekoak baizik”.
Goian proiektuak Gasteizko Alde Zaharrean elkarbizitza bultzatu nahi du, gasteiztar guztiek ezagutzen duten auzoa, baina gehienek aisialdirako gune gisa bakarrik. Nolakoa da egunerokotasuna, eguneroko bizitza bertan?
Egunerokotasuna oso desberdina da gaueko aisialdiaren aldean. Gehiago da herri giroa auzokoa baino. Denok ezagutzen dugu elkar, haurrak kaleetan jolasten dira, parkean, jendeak dendetan erosten du… Auzo normal bateko bizimodua da, baina familiarragoa.
Zer arrazoik eraman zuten, bere garaian, proiektua sortzera? Zer zailtasun daude oraindik eta zein alderditan eman dira aurrerapauso garrantzitsuak?
Auzoa oso estigmatizatua eta oso zatitua zegoen. Problematika handia zegoen, eta kohesio sozial gutxi. Arrazoi nagusia auzoan batasun eta bizikidetza hori lortu nahi izatea izan zen. Kaleko Hezkuntzako talde ezberdinak, guraso elkarteak eta duela urte batzuk auzoan zegoen kirol elkarte bat biltzen hasi ziren, eta pixkanaka gaur egun Goian bezala ezagutzen duguna osatuz joan zen.
Egoera guztietara egokitzeko gaitasun handia dugu, betiere gure helburuak ahaztu gabe, baina gaur egun aurre egin beharreko zailtasunik handiena COVIDak berak sortutako egoera da. Oztopo asko aurkitzen ditugu jarduerak aurrera eraman ahal izateko.
Beste zailtasunetako bat da familiei ikusaraztea ez garela kanpoko haurrentzat edo zailtasunak dituztenentzat bakarrik lan egiten dugun elkarte bat; izan ere, guztiz kontrakoa gara, Goian guztiontzako espazioa da.
Elkarrizketaren zati bat ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko elkarrizketa osoa Go Gasteiz Kultura webgunean irakurri dezakezue.