Argazkigintza eta zinema analogikoa berreskuratzea, sortzea eta kontserbatzea. Horrela aurkezten da HAZ Nahikari Mora argazkilari analogikoaren eta Clara Sanchez-Dehesa ikus-entzunezko materialaren kontserbazioan eta zaharberritzean espezialistaren proiektu berria. Arte bisualen bi maitale hauen bideak hainbat proiektutan gurutzatu ziren lehendik, eta amankomuneko interesek bat egin zuten abentura berri honi ekiteko.
Bi urte daramatzate HAZ prestatzen, baina duela aste batzuk arte ez ziren kooperatiba gisa erregistratu, eta lokal berriaren lanei ekin zioten. "Orain, datorren ikasturteko formakuntzaren egitarauan eta laborategiaren beraren muntaian ari gara lanean, Palentzia kaleko 14. zenbakian", azaldu du Nahikarik.
Enelu eta Fosforo elkarteen lan ildoak bateratzen ditu kooperatiba berriak; lehen, bertan aritzen ziren Nahikari eta Clara, hurrenez hurren. Ofizialki martxan jarri ez badira ere, dagoeneko hasi dira lehen tailerrekin, eta 2020/2021 ikasturtean garatzeko bi programa prest dituzte.
Baina uztail honetarako bertan, Fotografiar lo invisible izeneko sormenezko topaketa esperimental bat antolatu dute. "Ingurune natural batean, talde dinamika batzuk planteatzen ditugu, ikusezina baina beste zentzumenek hautemateko modukoa den horri guztiari buruz hausnartzeko. Ideia teknika analogikoekin argazkitan islatzea da, kamerekin edo kamerarik gabe egindako argazkien bidez", azaldu du Morak.
Datorren ikasturtean zehar, Al margen del deterioro proiektua gauzatuko dute, eta, horrekin, zinemaren, zaharberritzearen eta berreskuratzearen inguruko hainbat ekintza planteatzen dituzte. Horietako bat filmak ikustea izango da, autozine bat eta hainbat zinema saio inguru naturaletan.
Kontserbazioaren eta zaharberritzearen arloko hainbat eragilerekin topaketa bat antolatuko dute ere, jendeari irekitako hitzaldi baten bidez horrelako proiektuak ezagutarazteko.
Horrez gain, Super-8 filmekin eta familia albumekin egingo dituzten bi sorkuntza tailer antolatu dituzte. "Lehendik sortutakoaren bidez zerbait berria sortzea" da tailer horien helburua.
Erreportaje osoa Go Gasteiz Kultura web gunean irakurri dezakezue.