Gasteizko Principal antzokiak gaur, ostirala, irekiko ditu bere ateak, koronabirusaren krisiaren ondorioz hiru hilabete baino gehiago itxita egon ostean. Ruper Ordorika euskal kantautorea arduratuko da San Prudentzio kaleko eszenatokia bizitzaz eta musikaz betetzeaz. Antzokiak, programatuta zituen ikuskizunetatik 44 bertan behera utzi behar izan ditu.
"Harridura handiz bizi izan dugu egoera guzti hau. Taldeak etengabe lan egin du ikuskizun guztiak birprogramatzeko eta Principal Antzokia berriro irekitzeko modurik seguruenean", dio Marta Monfortek, Gasteizko Antzoki Sareko zuzendari eta programatzaileak.
Bertan behera geratu diren ikuskizunetatik 35 berreskuratu dituzte, eta datorren udazkenetik 2021era bitartean gozatu ahal izango dira. Hala ere, udalak kalte-ordaina eman die kontratuak eten behar izan dituzten konpainia guztiei. "Guztien nahia data berreskuratu eta jardun ahal izatea izan da. Hala ere, 2021ean birprogramatu nahi ditugun konpainietako batzuk oraindik ez dakite bulegoa datorren urtera arte zabalik izango duten ala ez", azaldu du Julio Alvarez kultura teknikariak. "Zoritxarrez, badira eutsiko ez dioten egitura txikiak. Sektore eszenikoak asko sufrituko du egoera honekin", dio Monfortek.
Zauri horien lekuko izaten ari da Antzokiko lantaldea, Enredados eta Off Lokal deialdietan, hain zuzen. "Testu post pandemikoak eta oso apokaliptikoak jasotzen ari gara. Sektoreari inoiz baino ukituago antzematen zaio", adierazi du zuzendariak.
Elkarrizketako une bat Printzipal Antzokian. ENDIKA PORTILLO
Oihalaren beste aldean publikoa dago; arte eszenikoen maitaleak, sarrerak erosi zituzten obrak bertan behera nola uzten ziren ikusi dutenak. Pertsona horiei ere dirua itzuli zaie. "Jendeak ulermen eta pazientzia amaigabea izan du", dio Anabel Duquek, kultura teknikariak. "Online saldu ziren sarreren diruaren %100a itzuli dugu, eta orain leihatilan saldutakoekin gaude. Oraindik jendea falta da etortzeke".
Esther Ramirez de la Piscina leihatilako kudeaketa eta arreta arduraduna da eta berak dioenez publikoa "antzokira itzultzeko irrikan dago. Berriro antzokia noiz zabalduko dugun galdetzen digute, noiz gozatu ahal izango duten bertan behera utzitako obrekin edo zein izango den programazio berria. Antzerkia maite dutenek obrak zuzenean gozatzeko beharra dute. Oso publiko fidela da hau".
Erreportaje osoa Go Gasteiz Kultura web gunean irakurri dezakezue.