Jaialdiak, Europako birak eta boloak herrialde osoan zehar. Hori zen Childrain talde gasteiztarraren plana datozen hilabeteetarako. 2019. urtearen hasieran kaleratu zuten laugarren diskoa, The Silver Ghost, eta, beraz, 2020. urte honetan birak eta zuzeneko emanaldiak egitera bideratuta zegoen. COVID-19aren krisiaren ondorioz, dena geldirik geratu da, eta oraindik hilabete batzuk beharko dira agertoki batera igotzeko.
Musikaren industriak, gehienbat autonomoek eta enpresa txikiek osatua, 300.000 pertsona baino gehiago enplegatzen ditu Estatuan. Martxotik irailera bitartean 559 milioi euro baino gehiagoko galerak espero dira zuzeneko musikaren sektorean.
Iñigok, Ikerrek, Alvarok, Julenek eta Mikelek euren ibilbide musikala eta taldeaz kanpoko lanak uztartzen dituzte, baina "musikaren aldeko apustua egin duten pertsonak pikutara joan daitezke, hilabeteak egongo baitira euro bakar bat ere jaso gabe".
Lehenik eta behin, jakin nahi genuke nola bizitzen ari zareten COVID-19aren krisi hau Childrainen.
Egoera onartu dugu. Hainbat kontzertu bertan behera utzi dizkigute, beste batzuk atzeratu egin dira eta aurreikusita genituen Europako birak gelditu egin dira, hori baita gehien gogaitzen gaituena. Iaz disko berria atera genuen, eta, estrategikoki, aurten bira egitera bideratuta zegoen, baina negoziazio guztiak eta Europan zehar jotzeko prozesu guztia izoztuta geratu da.
Zenbat kontzertu utzi behar izan dituzue bertan behera?
Zaila da kalkulatzea, negoziazio asko genituelako esku artean. Apirila eta maiatza bitartean Europako bira bat egingo genuen, hori gutxi gorabehera 20 kontzertu dira. Baina kontuan hartu behar da uda aurreko hilabete hauetan bolo asko ixten direla, eta aurten hori guztia geldirik geratu dela. Gainera, urrira arte atzeratutako 4 kontzertu ditugu, eta horiek edukiera osoarekin egin ahal izatea espero dugu. Gurea bezalako talde batek ezin du aretoaren %50erako bakarrik jo. Sarreraren prezioaz eta saltzen dugun merchandisingaz bizi gara, eta ez da gauza bera 300 lagunentzat jotzea edo 150 lagunentzat egitea.
Nola planteatzen duzue etorkizuna arlo profesionalean, behin hori amaituta? Noiz igoko zarete berriro agertoki batera?
Urriaren 3an aire zabaleko jaialdi bat dugu. Kasu honetan ez dugu erabakitzeko ahalmenik, kontratatutako taldea garelako; beraz, jaialdiak aurrera jarraitzen badu, guk ere bai. Data horretatik aurrera, berriro hasiko da gure ohiko jarduera. Izan ere, hilabete horretan bertan beste 3 saio ditugu, eta denak printzipioz aurrera darraite. Abenduan kanpora ateratzea nahiko genuke; ikusiko dugu nola eboluzionatzen duen honek guztiak.
Elkarrizketaren zati bat ekarri dugu ALEAra. Elkarrizketa osoa Go Gasteiz Kultura webgunean irakurri dezakezue.