UNESCO Etxea 1991tik ari da Bake Kulturaren eta Giza Garapen Iraunkorraren alde lanean. UNESCOren (Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen) printzipioak, programak eta ekintza-ildoak Euskadin zabaltzea du helburu. Gainera, informazioa, dokumentazioa eta esperientziak trukatzea sustatzen du, batez ere nazioartekoak, gobernuko eta gobernuz kanpoko beste erakunde batzuekin.
Go Gasteiz Kulturak Begoña Guzman Gizarte Eraldaketarako Kultura arduradunarekin hitz egin du kultur zuzenbideaz, ResiliArt mugimenduaz eta osasun krisiaren ondorioz bizitzen ari garen egungo egoeraz.
UNESCO Etxeak Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak egiten duen lana Euskadin sustatzea du helburu. Zer ekintza abiarazi dira UNESCOk COVID – 19aren krisia hasi zenetik 3 eremu horiei laguntzeko?
UNESCO Etxeak bere programa eta proiektuekin UNESCOk eta Nazio Batuek ezartzen dituzten helburuak lortzen laguntzea du helburu, eta beste zentzuan ere lan egiten dugu, hau da, Euskadin garatzen diren esperientzia eta ekimenei nazioarteko foroetan ikusgarritasuna ematea. Osasun-krisia hasi zenetik, UNESCOk bere tresnak aktibatu ditu Estatu Kideengana iristeko eta Estatu Kide horiek neurriak martxan jartzeko lan egiten duten sektoreetan zer eragin izan duten jakiteko.
Hezkuntzaren kasuan, ahulezia egoeran dauden ikasleengan jarri du arreta; ehuneko handi batek ez ditu online prestakuntzarekin jarraitzeko behar diren baliabide teknikoak, eta agerian utzi du gure gizartean dagoen eten digitala. Horretarako, UNESCOk, beste neurri batzuen artean, COVID-19 Hezkuntzarako Mundu mailako Koalizioa abiarazi du, baliabideak mugiarazteko eta konponbideak emateko. Bestalde, zientzian, teknologian eta berrikuntzan inbertitzea UNESCOren xedeetako bat da; profesionalen trebakuntzan, ikerkuntzaren sustapenean eta emakume zientifikoen errekonozimenduan egindako ibilbidea bereziki garrantzitsua da garai hauetan. Resiliart mundu mailako mugimendua ere plazaratu du, artearen, kulturaren eta sormenaren alde. Kultur ekosistema bereziki kaltetu du krisi honek, eta, hala ere, kulturak erresilientziaren eta gizarte-kohesioaren eraikuntzan duen funtsezko eginkizuna erakutsi du.
Gainera, UNESCOren beste ekintza-ildo bat komunikazioaren ingurukoa da, hau da, prentsa-askatasunari eta informazioa eskuratzeari buruzkoa, eta bere sare sozialetan COVID-19aren inguruko fake news-ei buruz ohartarazten ari da, eta sarbide libreko webguneak antolatzen ari da horiek identifikatzeko.
Kultur sektoreari erreparatuz, ResiliArt mugimenduak, UNESCOk bultzatutako ekimenetako batek, "Kultura-larrialdiaz" hitz egiten du. Zer adierazle edota datu hartu dira kontuan baieztapen hori egiteko?
Apirilaren 14an, UNESCOk datu hau jaso zuen: kultura-erakundeak itxita zeuden 128 herrialdetan, eta partzialki itxita 32 herrialdetan; munduko ondareko lekuen %80 ere itxita zeuden. Munduko zinema industriarentzat 7.000 milioi dolarreko diru sarreren galerez hitz egiten zuen. Kontuan izan behar dugu, halaber, zuzeneko ekitaldi guztiak bertan behera geratu direla edo, hobeto esanda, atzeratu egin direla. Datu horien atzean kulturaren profesionalak daude: beren enpleguak galdu dituzten edo arrisku larrian dauden artistak, sortzaileak, teknikariak, kudeatzaileak, komunikatzaileak, etab. Kopuru handi batek lanaldi partzialean lan egiten zuen jada, modu informalean edo pandemia baino lehen kontratu prekarioekin. Beraz, egokia da "larrialdi kulturalaz" hitz egitea.
Nola hasten da eta norantz doa mugimendu hau? Zer helburu ditu eta zer ekintzaren bidez lortuko ditu?
2020ko apirilaren 15ean, Artearen Munduko Egunean, UNESCOk ResiliArt mundu mugimendua jarri zuen abian, UNESCOren zuzendari nagusiak eta Kulturako zuzendariorde nagusiak artearen, giza eskubideen eta kultura-politiken sektoreko pertsona ospetsuekin batera zuzendutako inaugurazio-eztabaida birtual batekin. Resiliart-en helburua da COVID-19ak kulturaren sektorean duen eraginari buruzko kontzientzia sortzea; sorkuntza garaikidea ikusaraztea eta estatu kideei laguntzea egungo krisia gainditzen lagun diezaieketen finantza-politikak eta mekanismoak diseinatzen eta garatzen.
Resiliart mugimenduaren esparruan, Estatuei gonbita egiten zaie euren hausnarketak online foroetan eztabaidatzeko eta partekatzeko; web plataforma bat sortu da, munduko eskualde guztietako herrialdeetan hartutako neurri espezifikoak kontsultatzeko; eta, gainera, astero argitaratzen da gai horri buruzko albiste interesgarriak biltzen dituen ingelesezko eta frantsesezko buletina.
UNESCO Etxean ere mundu mailako mugimendu horretan lagundu nahi dugu. Lehenengo ekintza, Artgiarekin batera eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin, #ResiliART artistentzako deialdia abiaraztea izan da. Eraiki eta bizi nahi dugun etorkizunaren inguruan hausnartzeko eta sortzeko gonbita egin diegu, Garapen Iraunkorreko Helburuak eta kultur eskubideak oinarri hartuta. 30 artista aukeratu dira eta galeria birtual bat sortu da beren ekoizpenak saltzeko. Erakusketa birtuala Artgiaren webgunean bisita daiteke.
Erreportaje osoa Go Gasteiz Kultura web gunean irakurri dezakezue.