David Ezpeleta | Neurologoa

"Giza garunaren funtzio konplexuena irakurketa da"

Erabiltzailearen aurpegia Go Gasteiz Kultura 2020ko mai. 27a, 13:47

Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen dugu David Ezpeleta neurologoarekin, irakurtzeak gure garunean dakartzan onuren inguruan solas eginez.

"Irakurketa sosegatuak tentsio arteriala, bihotz-maiztasuna eta kortisol plasmatikoa jaisten ditu. Gainera, irakurtzeak erreserba kognitibo bat sortzen du, eta hori funtsezkoa izan daiteke endekapen neuronala eta harekin lotzen diren gaixotasunak prebenitzeko edo arintzeko". Horiek dira, David Ezpeleta neurologoaren arabera, irakurtzeak sortzen dituen onuretako batzuk baino ez.

Ezpeleta Espainiako Neurologia Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko idazkari eta Kultura eta Historia Arloko arduraduna da, eta egun Quiron Salud Madrid Unibertsitate Ospitalean, Madrilgo Vianorte-Laguna Fundazioan eta Iruñeko San Juan de Dios Ospitalean egiten du lan. Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko, La lectura desde la neurociencia hitz egin dugu berarekin. Dokumentu horretan irakurketak garunean dituen eraginei buruz hitz egiten da.

Liburuaren egun hau COVID – 19aren krisialdiak jota ospatzen dugu, gehienentzat egoera zaila eta ezezaguna. Konfinamendu-egoera honetan, asko dira irakurketara jotzen duten pertsonak. Zeintzuk dira, oro har, ohitura horrek gure buruan dituen ondorio positiboak?

Intelektualki eta kulturalki informatuta edo elikatuta egoteaz gain, norbaitek hartu, liburu bat ireki, begirada paragrafo batean finkatu eta irakurtzen hasten den unetik, bere garunaren zati guztiak aktibatu egiten dira. Ukimena sentitzea liburua hartzerakoan, non erosi zuen edo nork utzi zion gogoratzea, edo egile horren bizitza gogoratzea… hori guztia automatikoa da eta liburu bat hartzen duzun unetik hasten da. Begirada paragrafoaren gainean jarri eta irakurtzen hasten zarenean, zeinu horiek testuinguru lexiko eta semantiko batean interpretatzen dira. Garunak letrak, silabak eta hitzak batzen ditu, eta eduki eta esanahi bat ematen die.

Testuan egiten diren deskribapenek memoria bisualaren arloak ere aktibatzen dituzte. Hainbat memoria jartzen dira martxan. Irakurtzen ari zarena finkatu ahal izateko, lan-memoria aktibatzen da. Urruneko memoria erabiltzen da irakurtzen ari zarena lehen irakurri zenuenean sartzeko. Eta memoria prospektiboa behar da etorkizuna aurreikusteko eta zer gertatuko den irudikatzeko.

Ondorio positiboak areagotu egiten dira bereziki honelako krisi-egoeretan?

Egoera berezietan zentzumen batzuk areagotu egiten dira. Ikaskuntza bi gaitan oinarritzen da: emozioa eta arreta. Zure eskuen artean zerbait edukitzeak hunkitzen bazaitu eta irakurtzeko eta isolatzeko denbora baduzu, askoz gehiago gozatuko duzu eta edukiak hobeto finkatuko dituzu.

La lectura desde la neurociencia lanean, irakurtzeak tximeleta efektu moduko bat sortzen duela diozu. Zer esan nahi du horrek?

Antza erraza ematen duen irakurtzea bezalako eginkizun batek ia garuneko eremu guztiak aktibatzen dituela modu sinkronikoan. Ispilu neuronak ere aktibatzen dira. Demagun, tenisean jokatzen ari den pertsona baten deskribapena irakurtzen ari zarela, eta zu zeu teniseko jokalaria zarela; bada inkontzienteki raketada bat emateko agindua emango luketen garun-eremu premotoreak aktibatu egiten dira hori irakurtzen duzunean. Irudimena horraino iristen da.

Elkarrizketa osoa Go Gasteiz Kultura web gunean irakurri dezakezue.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago