Hasiera batean eszenatokirik eta fokurik gabe, gaur egun SL bihurtua

Erabiltzailearen aurpegia Go Gasteiz Kultura 2020ko ots. 24a, 13:15

Hell Dorado aretoko arduradun Juan Uriarte. / Go Gasteiz Kultura

Hell Dorado aretoa rocka maite duten gasteiztar gazte talde batek bultzatua jarri zen martxan duela 19 urte. Gaur egun, 400 bazkide baino gehiago dituen aretoaren ibilbidea errepasatzeko elkartu gara Juan Uriarte lokalaren arduradunarekin.

2000. urtea zen, eta Iñaki Urbizuk, Jimmy Ruiz de Loizagak, Ernesto Garciak eta Juan Uriartek kontzertuak ikusteko hiritik kanpora atera behar izateaz neka eginda, Hell Dorado elkartea sortzea erabaki zuten. Urtebete geroago, Venta de la Estrellako lokala eskuratu, eta pixkanaka beren kontzertu-areto propioa muntatzen joan ziren, beraientzat eta lehen urte hartan haien alde egin zuten 600 bazkide baino gehiagorentzat. 

2001eko urriaren 26an, eszenatokirik gabe eta ia fokurik gabe, lokala bete egin zen Sex Museum ikusteko. Lehen kontzertu haren ostean, 2.800 talde baino gehiago igo dira Hell Doradoko taulara, tartean, The Dap Kings, Johnny Kidd & The Pirates, Dick Dale eta Rolling Stones taldearen Keith Richard. 

Go Gasteiz Kulturak Juan Uriarte aretoko arduradunarekin hitz egin du Hell Doradoren ibilbideaz eta elkarteak duen lan egiteko moduaz. 

Zein zen egoera Gasteizen 2001ean Hell Dorado sortzea erabaki zenean? Nola sortu zen ideia? 

Urte hartan ez zegoen kontzertu aretorik Gasteizen, El Tapioca izena zuen lokal txiki bat baino ez. Pub handi bat zen, non kontzertuak egiten ziren, baina ez zituen horiek egiteko baldintzak betetzen, ez soinuagatik, ezta agertokiagatik ere. Gaztetxea ere hor zegoen. Lau lagun musikari bildu ginen, Gasteiztik kanpora kontzertuetara joateko bidaiatzeaz nekatuta. Kultur elkarte bat sortzea erabaki genuen. Lokal bat hartu eta gure talde gustukoenak ekartzen hasi ginen. 

Zergatik egin zenuten kultur elkarte baten aldeko apustua? Nolakoa izan zen elkartea muntatzeko prozesua? 

Enpresa bat muntatzeko dirurik ez genuenez, hori zen IFK bat eduki ahal izateko formula legala. Hutsetik hasi ginen, ideiarik ere izan gabe. Lokala guk eraiki genuen gure eskuekin, oso lokal zaharra zen, beraz, ahal genuen bezala egiten genuen. Hasieran ez genuen argirik ere eszenatokian, eta aurrera egiten genuen heinean, gauzak erosten eta hobetzen joan ginen. Oso prozesu motela izan zen, eta ikasketa oso luzekoa. Gasteizen kontzertu aretorik ez zegoenez, ez genuen arazo handirik izan, inork ez baitzizun esan esaten zein gaizki egiten zenuen, mundu guztiari dena zoragarria iruditzen zitzaion.

Zein zailtasunekin aurkitu zineten proiektua aurrera ateratzeko? 

Asko eta askorekin. Lehenik Udalaren aldetik, ez zutelako ondo ulertzen zer egin nahi genuen, nahiz eta azkenean egiten utzi ziguten. Gero publikoarekin, sarrera bat ordaindu behar zutela ulertaraztea kostatu zitzaigun. Baina oso prozesu polita izan zen, denok borondate hutsez egiten genuelako lan eta proiektuak asko motibatzen gintuelako. Baliabiderik gabe baina ilusio handiz, pixkanaka, txoko bat egin eta aurrera ateratzea lortu genuan.

Elkarrizketa osoa Go Gasteiz Kultura web gunean irakurri dezakezue.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago