Pizgarria, euskaraz bizitzeko

Erabiltzailearen aurpegia TOKIKOM 2025eko abenduaren 12a

Ekimenaren aurkezpen ekitaldia. Argazkia: KONTSEILUA

Euskararen eta euskaltzaletasunaren aldeko ekitaldia antolatu du Kontseiluak abenduaren 27rako.

Euskarak bizi duen larrialdi linguistikoaren aurrean, ahalduntzeko bideak zabaldu nahi ditu Euskalgintzaren Kontseiluak: Euskaraz bizitzeko Pizkundea lelopean, ekitaldi nazionala egingo du abenduaren 27an, Bilbon, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Euskaltzaletasunari eta euskarari bultzada ematea du xede ekitaldiak, azken hamarkadetan euskararen biziberritze-prozesuak aurrerapausoak eman baditu ere, "susperraldi aroa eten denaren" zantzuak sumatu baititu Kontseiluak: "Gaur egungo globalizazio eta digitalizazioak, oldarraldiaren areagotzeak, erabilera sozialaren ahultzeak eta erronka berriek agerian utzi dute euskara eta hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan gaudela". Euskarak bestelako arnasaldia behar duela iritzita, ardura hartzeko deia luzatu du erakundeak, "euskaltzaletasunaren giharra" indartzeko: "Izan ere, euskarak eta euskal hiztun komunitateak izan ditu lehenago ere larrialdi gorriko uneak, behin betiko itzaltzeko arrisku momentuak. Eta euskaltzaleen eskutik etorri da aldi bakoitzean Pizkundea". Hori horrela, euskararentzat bizigarria den ekosistema egonkortu nahi du Kontseiluak ekitaldiarekin: "Euskarak, hizkuntza guztiek bezala, etorkizunik izango badu, unibertso bat behar du, zentzua emango dion irudi eta erreferentzia mundu bat".

Indar erakustaldia

Urtea indarrez amaitu nahi du Kontseiluak, euskararentzat pizgarri izatea helburu duen ekitaldiarekin. Zergatik da, ordea, garrantzitsua hitzordua? Hiru arrazoi eman ditu Kontseiluak: lehenik, euskaltzaleen indarraren eta batasunaren erakustaldia egitea du helburu Pizkundeak, larrialdi linguistikoaren aurrean, "zain gelditu baino, ekimen eta ilusio berrituak" sortzeko: "Etsipenean jausi beharrean, euskaraz bizi nahi dugula adierazi, elkarrekin arnasa hartu, eta euskarari etorkizuna emateko prest gaudela erakustea". Bigarrenik, mezu argia zabaldu nahi dio Kontseiluak euskal jendarte osoari: "Egiturazko minorizazioan dagoen euskararen normalizazioa eta biziberritzea guztion ardura da, gizarte berdintasunarekin, justiziarekin eta askatasunarekin lotutako beste auzi asko bezala". Hizkuntza-politikei erreparatzen die hirugarren arrazoiak: "Eragile instituzional, politiko, ekonomiko, kultural eta sozial guztiei euskararen ezagutzaren unibertsalizazioaren eta erabilera normalerako baldintzen alde egin dezatela eskatzeko".

Kultur kutsuko ekitaldia

Euskal sortzaileen unibertsora jauzi egiteko aukera emango du hitzorduak. Oier Guillanen gidaritza artistikoaren pean, askotariko diziplinatako artistak igoko dira oholtza gainera, Kontseiluak zehaztu duenez. Batetik, hamarkadatan "euskararen taupadaren parte izan diren kantuak" abestuko dituzte Euskal Herri osoko eta belaunaldi ezberdinetako bederatzi musikarik: Amets Aranguren, Anari, Beñat Goitia Benizze, Gontzal Mendibil, Gorka Urbizu, Joseba Tapia, Julen Goldarazena Flako Fonki, Maia Iribarne eta Miren Narbaiza. Bestetik, pantaila handian euskaraz nabarmendu diren zenbait aktorek ere hartuko dute parte, besteak beste, Edurne Azkaratek, Itziar Ituñok, Miren Gaztañagak eta Ramon Agirrek eta, era berean, errimen bueltan ariko dira Ane Labaka eta Sustrai Colina bertsolariak, baita kulturgile gehiago ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago