Oharra

Covid-19 erreskatea jaso ez dugunok ere sufritu dugu Covid-19a

Erabiltzailearen aurpegia Tokikom-eko Administrazio Kontseilua 2021ko aza. 25a, 13:30

"Eskatzen dugu 5 milioi bideratu dutenekin mahai batean jartzea, jaso ez dutenentzako zer pentsatu den hitz egitea eta proposamen bat lantzea. Azkenik, baldintza berberetan diru laguntza puntual bat adostea"

Eusko Jaurlaritzak erabaki du hedabide batzuei laguntzea Covid-19ak eragindako galerak apaltzeko, 5 milioi eurorekin. Albisteak ezinegona sortu du, inon ez baita azaldu zeren arabera eman zaizkien laguntza horiek hedabide batzuei, eta beste batzuei ez.

Tokikomen Administrazio Kontseilutik galdegin diogu Jaurlaritzari ea asmorik duen gainontzekooi ere laguntzeko, eta erantzun horren zain gaude. Erantzuna jaso bitartean, ohar hau argitaratzea erabaki dugu:

Diru laguntzak hedabideei emateak hizkuntza politika gainditzen du, eta ondo irizten diogu, edozein enpresa edo sektore moduan behar baitu laguntza hedabideen sektoreak, eta horrela jokatzen da munduko hainbat herrialdetan. Hedabideen kasuan, gainera, behar editorial ezberdinak dituzten hedabideak behar ditu demokrazia sano batek.

"Bistakoa da demokrazia sendo batek eskatzen duela hedabide guzti-guztiak laguntzea, Covid-19ak hedabide guztioi eragin baitigu"

Edozein industria arloren moduan, hedabideena ere lagundu izana albiste ona da, eta horretan sakontzeko deia egiten diogu Eusko Jaurlaritzari.

Hala ere, momentuz, Covid-19aren garaian, hedabide batzuen galerak estaltzeko jarri da dirua, eta, bistakoa da demokrazia sendo batek eskatzen duela hedabide guzti-guztiak laguntzea. Arrazoia oso argia da: Covid-19ak hedabide guztioi eragin digu. Datu horien berri badu Eusko Jaurlaritzak.

Tokikom osatzen dugun hedabideon kasuan, zailena zen momentuan ere mezu instituzionalak, osasunekoak eta oinarrizko beharrei lotuak zabaldu ditugu, kazetaritza egin eta zerbitzua emanez. Biak ala biak ziren garrantzitsuak, 200 profesional baino gehiagok eman zuten komeni zen zerbitzu esentzial hori, eta irismena handia izan da, Tokikomeko hedabide digitaletan trafikoa ia bikoiztu eta 2.314.268 bisita jasotzeraino, esaterako.

Eman eta hartu. Herritarrek eskertu dute tokikoetan egindako lana, eta datuak dira horren adierazgarri; erakundeek ez zuten berdina pentsatu, antza, pandemian egindako kanpainak eta publizitatea ia osotasunean egunerokoetara bideratu zutelako. Hala ere, espero dugu publizitatearekin ez bezala, laguntza puntual hauekin hedabideek pandemia honetan egindako lana aitortuko dela.

"Latza izan da kazetaritza egitea egun horietan, eta egindako esfortzua aitortzea litzateke laguntza jaso ez dutenekin elkartu eta gaia lantzea"

Horixe da idatzi honen helburua: eskatzen dugu 5 milioi bideratu dutenekin mahai batean jartzea, jaso ez dutenentzako zer pentsatu den hitz egitea eta proposamen bat lantzea. Azkenik, baldintza berberetan diru laguntza puntual bat adostea.

Covid-19a ez dute sufritu dirua jaso dutenek bakarrik; latza izan da kazetaritza egitea egun horietan, eta egindako esfortzua aitortzea litzateke laguntza jaso ez dutenekin elkartu eta gaia lantzea.

Hasieran esan dugunez, beraz, albiste ona da Eusko Jaurlaritzak hedabideen sektorea industria moduan kontuan hartu eta harentzako ere Covid-19 laguntza bereziak sortu izana. Eseri gaitezen mahai baten bueltan eta adostu ditzagun sektore osoarentzako babesaren nondik norakoak.

Andoainen, 2021eko azaroaren 25ean

Tokikom-eko Administrazio Kontseilua

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago