Tokiko hedabideek kezkaz begiratzen diote datozen hilabeteetako etorkizunari. Jakina denez, koronabirusaren krisiak arlo ezberdin asko kolpatu ditu, eta hedabideena ez da kaltetik kanpo geratuko Tokikomeko lehendakariaren ustez. Toki komunikabideen diru-iturri propioak ia desagertu egin dira azken asteotan; batetik, publizitate salmenta eten egin delako, eta, bestetik, bestelako zerbitzu eskaintzarekin aurrera jarraitzea ezinezkoa delako. Txanponaren beste aldean, baldintza zailak gaindituta toki komunikabideek egun hauetan lanean jarraitzeko egin duten ahalegina, eta esfortzu horri erantzunez, irakurleen aldetik jasotako harrera ona eta audientzien igoera nabarmena.
Kazetaritzaren ikuspuntutik zelan daramazue lana?
Gurea jarduera esentzial bat izanda, ez dugu etenaldirik izan. Gainera, informatzeko bokaziotik, inoiz baino tinkoago eutsi diogu produkzioari. Herritarrei informazio fidagarria zintzotasunez helarazteko konpromisoa berretsi dugu. Albiste faltsuak gero eta ugariagoak diren informazioaren mundu honetan hedabideon lana oso beharrezkoa da. Herritarrek jakin gura izan dute egunerokotasunean krisi honek zelan eragiten dien, eta informazio hori eskuratzeko tokiko hedabideetara jo dutela uste dut.
"Bisitak bikoiztu eta kasu batzuetan hirukoiztu egin dira"
Audientziek zenbat egin dute gora?
Webguneko audientzia nabarmen igo da Anboton zein gainerako tokiko hedabideetan ere. Tokikomeko hedabide guztien datuak batuta interneteko kontsumoa, 2019ko datuekin alderatuz, %97 hazi da apirilean zehar; eta %62 krisia hasi zenetik. Guztira 6 milioi orrialde baino gehiago bistarazi dituzte webguneek, inoizko daturik oparoena. Krisiaren hasieran gaitzak gogorren jo zuen eremuetan egin zuen audientziak gora. ALEAren (Araba) eta Geuriaren (Basauri) adibideak hortxe ditugu. Orokorrean, euskal hedabide guztion kontsumoak gora egin du interneten. Hau da, bisitak bikoiztu eta kasu batzuetan hirukoiztu egin dira. Datu horiek ondo egindako lanaren adierazgarri dira. Tokikook argi erakutsi dugu funtzio sozial garrantzitsua betetzen dugula gure komunitateari informazio fidagarria helaraziz. Nik neuk ere euskal hedabideon informazioa inoiz baino gehiago kontsumitu dut eta irakurle legez aitortu behar dut eduki benetan interesgarriak ikusi ditudala. Alde horretatik, pozik egoteko arrazoiak baditugula uste dut.
"Publizitate eta zerbitzu salmentak minimoetara jaitsi dira egun batetik bestera"
Ikuspuntu ekonomikotik, krisiak zelan eragin du tokiko hedabideetan?
Egia esan, oso kezkatuta gaude zentzu horretan. Krisi honek izaera guztietako sektoreak kolpatu ditu, eta gurea ez da salbuespena izan. Herritarrak gero eta informazio gehiago kontsumitzen ari diren sasoi honetan, diru-iturri propioak inoiz baino gehiago murriztu zaizkigu. Publizitatean kolpe handia jaso dugu. Kontuan izan publizitate aldetik tokiko hedabideok tokiko komertzioagaz lotura estua dugula. Publizitate eta zerbitzu salmentak minimoetara jaitsi dira egun batetik bestera. Tokikomeko bazkide diren 25 entitateok aurreikuspen bateratu bat egin dugu. Ikerketa horren arabera, tokiko komunikabideon fakturazioa %72 murriztu da. Kasu batzuetan %80ra ere irits daiteke murrizpen hori. Toki komunikabideok abuztura bitartean 2,5 milioi euroko galera izango dugula aurreikusten dugu. Irailetik aurrera ez dakigu zer gertatuko den, baina ez gara oso baikorrak. Hala ere, beste egoera zail batzuk gainditu ditugun moduan, honi ere elkarlanean aurre egingo diogu.
Diru-laguntzetan jaitsierarik izango duzue?
Ez dugu jaitsierarik espero. Hala ere, udalen batek izan dezake tentazioren bat, beraien diru iturriak ere murriztuko direlako. Hala ere, inoiz baino gehiago da politika egiteko momentua eta inork ez du zalantzarik tokiko hedabideen esentzialtasunean. Instituzio batzuek adierazi digute laguntzei eusteko borondatea, adibidez, Aldundiek eta Jaurlaritzak. Zenbait kasutan hiru urterako sinatuta daude laguntza horiek. Ez dugu murrizketarik espero, ez genuke ulertuko. Badakigu instituzioentzat ere sasoi zaila dela. Hala ere, azken urteotan egonkortzera bidean eman ditugun pausoak kontuan izanda, espero dugu laguntza horiei eustea. Gure diru-sarrerek hanka bi dituzte: sarrera propioena (batez ere publizitatea) eta diru-laguntzak. Sarrera propioak minimoetan egonda, instituzioek badakite diru laguntzei eustea dagokiela. Tokikomeko hedabideek kontatzen dute erakunde publiko guztien laguntzarekin eta laguntza denei eutsita ere erabaki drastikoak hartzera derrigortuta egongo dira hainbat euskal hedabide.