Koronabirusa

"Txinak erakutsi du isolamenduak funtzionatzen duela"

Erabiltzailearen aurpegia Jone Guenetxea. ANBOTO 2020ko mar. 20a, 06:00

Argazkia: Goiena

Italian koronabirusaren gaitza Euskal Herrian baino lehenago hedatu zen eta Gobernuaren salbuespen neurriak ez ziren berehalakoan ezarri. Ondorioz, gaitzak bat-bateko hedapena izan du eta egun egoera larria bizi dute; horren berri Ane Irazabal kazetariak eman dio Anboto astekariko Jone Guenetxea lankideari.

Ane Irazabal Elkorobarrutia kazetaria (Arrasate, 1984) Erromatik ari da kontatzen koronabirusaren krisia. Kazetariak azaldu du Italia koronabirusaren unerik gogorrena bizitzen ari dela.

Momentu honetan zein egoeratan zaudete Italian?

Herrialde guztia isolatuta dago. Ezin gara atera bizi garen herritik. Hiru baldintzapean bakarrik atera daiteke etxetik: lan arrazoiengatik, janaria erosteko eta osasun larrialdi batengatik. Kasu guztietan ziurtagiri bat behar da, Poliziak galdetu ahal dizulako zergatik zauden kalean. Barne Ministerioak argitaratu du posible dela kalera paseatzera irtetea, baina pertsona bat familiako. Ezin da irten ez taldeka ezta bikoteka ere. Herrialdea koronabirusaren unerik gogorrena bizitzen ari da. Ez gara iritsi kurbaren erpinera, eta hildakoen eta kutsatuen kopurua gorantz doa modu esponentzialean.

Kazetari legez, izan duzu arazorik kalera irten eta lan egiteko?

Italiako Barne Ministerioak kazetari guztioi bidali digun dokumentu bat daukat. Autoziurtagiri bat da, eta horrekin lan egitera irten naiteke. Ezin naiz nire hiritik irten, baina badut eskubidea hiriaren barruan lan egiteko.

Zelan baloratzen duzu Italian herritarrek eta arduradun politikoek izandako erreakzioa bai krisiaren hasieran bai orain bizitzen ari zareten momentu kritiko honetan?

Hiru aste baino gehiago daramatzagu kontu honekin eta fase guztietatik pasatu gara. Lehenengo, desinformazioan oinarritutako alarmismo bat zabaldu zen eta horrek txinatarrekiko xenofobia zabaldu zuen. Gero, saiakera bat egon zen krisia txikitzeko, hein handi batean, ardura handia zegoelako krisiak edukiko zuen ondorio ekonomikoengatik. Hamaika udalerri isolatu zituzten eta pentsatu zuten foku nagusi horiek isolatuta gai izango zirela krisiari aurre egiteko. Bizitza normala egiteko esan zuten, eta infekzioa gehiago zabaltzea ekarri zuen horrek. Baina, egunak pasatu ahala, denak kontzientziatu dira, eta, ondorioz, herrialde osoa gelditu da. Bestalde, Errepublikako presidentearen aldetik deialdi bat egon da alderdi politiko guztiek su-eten moduko bat sinatzeko. Eztabaida politikoa eguneroko kontua da Italian. Polemika alde batera uzteko deialdia egin dute eta igarri egiten da. Matteo Salvini lider ultraeskuindarra normalean egunero egoten da polemika kapitalizatzeko nahian eta egun hauetan inoiz baino isilago dago.

Zein fasetan zaudete orain?

Baikortasun fasean gaude. Arratsaldetan balkoietatik musika entzuten da. "Lortuko dugu"0 eta horrelakoak entzuten dira. Ikusiko dugu zer gertatzen den hamabost egun baino gehiago egon beharko dugula esaten badigute.

Herritarrek kontzientzia hartzea prozesu bat izan da?

Kosta egin da, indibidualismoaren ondorioz alde batetik, baina baita jendea oso nahasita egon delako ere. Herrialde osoa isolatu arte, iparraldetik hegoaldera ihes egin duen jendea egon da. Horrela, kutsadura beste leku batzuetara eraman dute ez zutelako isolamenduan egon nahi. Hala ere, uste dut kontzientzia-hartze kolektibo bat egon dela, ez dagoelako beste erremediorik.

Italian gure aurretik zoazte. Euskal Herrira begiratuta, hemengo egoera zelan ikusten duzu?

Bederatzi egun atzetik zoazte, baina neurriak guk baino arinago hartu dituzue. Mugimenduak murriztea, taberna eta jatetxeak ixtea… Gainera, Euskal Herrian oso gauza kurioso eta polita gertatu da. Jende askok bere kabuz erabaki du ixtea, agintariek esan aurretik, arduratsuak direlako. Hori Italian ez da gertatu. Gobernuak esan arte ez dute erabaki hori hartu. Grafikoak ikusita, kurbak oso antzekoak dira, bai Italian baita hor ere. Txinak erakutsi du isolamenduak funtzionatzen duela eta bakoitzaren ardurarekin ikusiko da zer gertatzen den. Hor, hasieran, jende askok broman hartzen zuela nabaritu dut, baina jendeak gero eta hurbilago ikusi duenean kontzientzia hartu du. Nik gurasoen eboluzioan ikusi dut. Kontuz ibiltzeko esaten nien Italiatik, eta alarmista bat nintzela uste zuten. Baina egunak pasatu ahala, konturatu dira.

Beste herrialde batzuetan isolamenduarena zalantzan jartzen da. Erresuma Batuan, esate baterako.

Erresuma Batuaren kutsadura kontrolatuaren estrategiak alarmak piztu ditu toki guztietan. Estrategia bat egon da Johnsonen aldetik ekonomia ez kaltetzeko. Ikusten da zein den bere lehentasuna, eta agian ez da adinekoen bizitzak salbatzea. Hori antropologo batek agian hobeto aztertu dezake, kultura katoliko batean edo gizarte protestante batean bizitzeak zein eragin duen. Uste dut pisu katolikoa dugula guk, bizitza laikoa egin arren, eta horrek badu bere eragina: bizitzaren garrantzia… Darwinismo sozialean oinarritu da Johnson. Indartsuenek bakarrik bizirik irauten dute.

Kazetaritzaren ikuspuntutik azterketa izaten ari da denontzat. Ari gara asmatzen gai honen inguruan informatzerakoan?

Testuinguru berri batean gaude, arlo guztietan. Medikuentzat, agintarientzat eta baita kazetarientzat ere. Egunero aldatzen ari den testuinguru batera egokitzen eta erantzun bat ematen ari gara. Hasieran Italian zegoen sentsazionalismoaren aldeko olatu hori desagertu egin da. Azken urteetan desagertuta egon den zerbitzu publikoa indarra hartzen ari da horrelako testuinguru batean.

Irazabalek greziako errefuxiatuen egoera  jarraitu du azken hilabeteotan. @Aneirazabal

Lesbosen bizi den egoeraren inguruko jarraipena egiten duzu. Han ere koronabirus kasuak agertzen hasi dira. Lehendik ere gogorra zen egoera.

Errefuxiatuek ez badituzte gutxieneko zerbitzu minimoak jasotzen, janaririk, edateko urik… ez dizkiete inolako koronabirus probarik egingo. Egia da birusak ez duela herriaren, arrazaren, kolorearen bereizketarik egiten. Birusari erantzuna emateko estrategia, berriz, arrazista  izango da. Eta hori argi ikusiko dugu krisi hau errefuxiatuen kanpalekuetan kudeatzerako orduan, eta ez bakarrik Lesbosen. Beraz, nahiz eta birusa oso demokratikoa izan, emango den erantzuna ez da demokratikoa izango, eta hor ere nabarituko dugu errefuxiatuenganako bazterkeria. Azkenaren azkenak izango dira. Beti esan izan da Afrikatik gaixotasunak ekartzen dituztela, Turkiatik datozen asilo eskatzaileek ekartzen dituztela birusak… Ikusi dugu geuk eramaten ditugula haiengana.

Maila pertsonalean, zelan daramazu hau guztia?

Jende guztiaren moduan. Nik baimena daukat lan arrazoiengatik kalera irteteko, eta irten egiten naiz. Alde horretatik, aukera dut Erroma barruan mugitzeko. Bestalde, herritar guztien moduan, saiatzen naiz animatuta egoten eta ondokoak zaintzen, telefonoz bada ere. Gure inguruko bizilagun asko emakume alargunak dira. Saiatzen gara beraien erosketak egiten.

Italiatik harridurarekin ikusten ari zarete supermerkatuetan komuneko paperaren erosketa masiboa.

Hemen komuneko papera ez da amaitu. Gainera, hemen harrituta gaude, bidetean garbitzeko ohitura dagoelako. Hemen, lehenengo egunetan pasta agortu zen supermerkatuetan, etxean janaria prestatzeko errazena delako.

Elkarrizketa hau Anbotok argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago