Babestutako edukia

'Emakumea eta Euskal Pilota' erakusketa Bilboko Euskararen Etxean

Erabiltzailearen aurpegia TOKIKOM 2018ko eka. 11a, 11:52

Erraketistei buruzko erakusketa ikusi ahalko da Bilboko Euskararen Etxean, irailaren 15a artean.

'Emakumea eta euskal pilota'erakusketa bost ataletan banatuta dago: sakea, tanteoa, kantxa, kontrakantxa, eta hemen eta orain. Atal bakoitzean tresna eta testigantza ezberdinen bitarez, ahaztutako erraketisten presentzia gogora ekarri nahi da mundu mailako kantxetan zehar.

"Erakusketa honek omenaldia egin nahi die pilota-jokoan, zesta punta eta erraketa modalitateetan, kirolari profesional moduan aritu ziren lehenengo emakumeei, eta areago eman nahi ditu ezagutzera" antolatzaileek azaldu dutenez.

Erraketistak

Pilotak beti izan du indar handia Euskal Herrian, baina batez ere, gizonekin lotuta egon da. Hala ere, emakumeek ere pilota jokoan aspaldidanik hartu dute parte, lorpen handienak erraketa jokoan izan dituztelarik. Azpimarratzekoa da gainera, erraketista hauek izan zirela lehen emakumezko kirolari profesionalak. 

Hirurogei urte baino gehiagoz (1917-1980) iraun zuen Espainian eta Ameriketan erraketa jokoak. Denbora tarte horretan hainbat aldeketa egin ziren; pilotan, erraketetan, janzkeran... Garai hartan, euskal erraketistak onenak eta ugarienak izan baziren ere, beste toki batzuetako jokalariak haiekin batera aritu ziren: Valentzia, Logroño, Madril, Bartzelona edo Mexiko.

Erraketa jokoak, beste kirol batzuek bezala, kultura nabarmena sortu zuen inguruan. Garaiko egunkariek emakume erraketisten entzutea eta abilezia islatu zuten, baita El Pelotarialdizkariak ere. Literaturak, zinemak edo telebistak ere jaso zuten erraketista haienganako interesa.

Erakusketa Euskararen Etxean

Emakume erraketistek eta haien familiek dohaintzan emandako elementu batzuek osatzen dute Bilboko Euskararen etxean irailaren 15era arte egongo den erakusketak: prentsa bat pilotetarako; karamukoak eta hariak; erraketisten jantziak eta Mercedes de Miguelen bozetoak, LIFE aldizkariaren argazkiak, garaikurrak eta oroitzeko plakak, bildumetako kromoak, eleberri bat, prentsa-artikuluak...

Antolatzaileek azaldu dutenez, ikus-entzunezkoen eta ukipen-pantaila baten bidez, aukera egongo da emakume erraketistei buruz gaur egunera arte berreskuratu den "ia dokumentazio guztia" ikusteko. Horrela erakusketara hurbiltzen direnek, mundu mailan eta pilota arloan emakumeek urte askotan zehar izan duen garrantzia eta egin duten lana ikusteko aukera izango dute.

Erakusketa ikusgai egongo da ekainaren 1etik irailaren 15era bitartean.

Informazio gehiago: azkuefundazioa.eus

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago