Aurreko astean kontzertu batera joan nintzen. Eserita, distantzia gordez, musukoarekin, baina kontzertura batera. Aspaldiko partez! Loaldi sakon batetik esnatzen denaren sentsazioa eduki nuen: hasieran, ez dakizu oso ondo non zauden, baina, pixkanaka, zure burua inguruan kokatzen zoaz eta gauzek betiko tankera hartzen dute.
Pasa den igandean Araba Euskaraz ospatu zen Laudion, betiko legez Arana eta Judimendiko jaiek udari hasiera eman diote eta, hemendik egun batzuetara, musukoa aurpegitik poltsikora pasako da kanpoaldean gaudenean. Badirudi gauzak normaltasunerantz doazela.
Beldur pixka bat ere ematen dit, ez pentsa. Badakigu gizakiok harri berberarekin behin eta berriz estropezu egiteko joera mingarria daukagula. Jakin dezakegu harria zein den eta non dagoen, baina berdin abiatuko gara hara. Horregatik, galdera datorkit burura: betiko normaltasunerantz goaz, ala normaltasun berri batera hurbiltzen ari gara?
Guzti honetatik hobeak aterako ginela esaten zuten, baina albisteetara begiradatxo bat emanez gero dudak sortzen zaizkit: biktima batzuk baztertzen dituen memoriala, langileekin behin eta berriz oldartzen den polizia, margoketa homofobo eta transfoboak gure hiriko ikastola batean…
Sinistu nahi dut, ordea, gehiengo batek hobera egin dugula eta orain kontzienteagoak garela. Gure inguruan dauden pertsonenganako enpatia gehiago garatu dugula eta naturarekiko begirune gehiago edukiko dugula pentsatu nahi dut. Eta, batez ere, gure buruak gehiago zaintzen eta maitatzen ikasi dugula. Azken finean, besteak zaindu baino lehen, ispilu aurrean agertzen dena maitatzen ikasi behar dugu.