Behin Isaac Asimov idazleari galdetu zioten ea nola egiten zuen hainbeste liburu idazteko. Berak goizeko zortzietatik gaueko hamarrak arte idazteko ohitura zuela erantzun zuen. Ez zituen bazkaltzeko edo afaltzeko gonbidapenak onartzen. Lanean pasatzen zuen eguna.
Ohikoa da entzutea lanari ordu luzeak eskaintzen dioten pertsonen inguruan miresmenez hitz egitea: "Honek 60 ordutako lan-asteak egiten ditu", komentatuko du batek, "Bere bizitza lana da", dio besteak. Inplikazioa nabaritzen zaie pertsona horiei, beti prest lanean pixka bat gehiago geratzeko, egiten dutena hurrengo egunera itxaron ezin duelakoan.
Gainera, langileei lanera joatea ez ezik, konpainiarekiko konpromisoa ere eskatzen zaie: "Hau familia handi bat bezalakoa da", diote askok. Eta denok dakigu familiagatik dena ematen dela, ezta?
Horregatik sortzen didate hainbeste mesfidantza bideo-jokoak eta atseden hartzeko sofa erosoak dituzten bulegoak. Zu eroso egon zaitezen nahi badute, ordu asko igaroko dituzulako da. Bizitza lan egiteko dela ez dizu inork esango, baina askok horrela barneratu dute jadanik.
Ironiaz betetako gizarte honetan, ordea, badago lan egin nahi baina ezin duenik. Tubacexekoak, kasu. Hori bai, haiei butakak eta ping-pongeko mahaiak jarri beharrean, borra-kolpeak oparitu zizkieten euren enpresarekin oso konprometituta ziruditen beste "langile" batzuk. Gasteizen gertatutakoaren mezua argi zegoen: hemen enpresak lehenesten dira.
Lana zure ardura denez, zaletasunen gainetik dago, eta horregatik botatzen dituzu doako ordu estra horiek. Enpresan egiten duzuna hain inportantea denez, zure familia baino lehen dator, eta horregatik ezin duzu ordu libre batzuk eskatu zure alaba etxean gaixorik dagoelako.
Konpainiaren parte sentitu behar duzu zure burua, ez soilik langile. Gutxienez, gure kontura aberasten diren horiek zu kaleratzeko ordua heldu dela uste dutenera arte. Orduan, zenbaki bat besterik ez zara. Lanean ordu mordoa sartzen dituen lagun batek esaten didan moduan: "Engainatuta bizi gara"