'Intercity Deluxe'

Erabiltzailearen aurpegia Oier Llinas 2021ko ots. 27a, 12:00

"AHT-a oraindik errealitate bat izan ez arren, zuzenean eragiten ari da gure eguneroko bizitzan"

Ez dakit gosea izango den, baina Euskal Herriak Frantziako gruyere gaztaren antza duela otu zait. Biek dauzkate zuloak euren barrenetan. Biek dituzte hutsune horiek airez beteta. Gurean, haatik, burdinazko suge batek pasa behar zuen.

Abiadura Handiko Trena martxan egon ezean, orainaldia den honetan arazo larriak edukiko genituela esaten zuten. Eta lanak hasi eta hamabost urtera hemen gaude. Arazoak baditugu, larriak dira, baina ez dute trenarekin zerikusirik.

Asko idatzi da obrek eragin dituzten gainkostu eta atzerapenei buruz. Zer esanik ez, ingurumenean eragin duten sarraskiari buruz. Horri helduta, batek pentsatu dezake bi aukera besterik ez daudela: azpiegitura honi oniritzia eman zioten politikariek maltzurkeriaz jokatu zuten edo, bestela, inozo hutsak ziren.

Edonola ere, AHTa oraindik errealitate bat izan ez arren, zuzenean eragiten ari da gure eguneroko bizitzan. Gasteizen, proiektu honek hirigintzan funtsezkoak diren plan asko baldintzatu ditu. Zabalganeko tranbiak, adibidez, berreskuratutako trenbideetatik igaro behar zuen. Horren zain egon ostean, orain, azkenik, beste bide batzuk bilatzen ari dira. Bitartean, hirian biztanle gehien dituen auzoak gehiago itxaron beharko du gainontzeko hiriguneekin tranbiaz lotuta egoteko. 

Gainera, erabili gabe jadanik zaharkitzen ari diren zatiak daude. Adituek diote behin trena martxan denean (batek daki noiz) gerta litekeela berriztatze lanak segituan egiten hasi behar izatea, horrezkero 20-30 urte dituzten atalak egongo baitira. Dirua irensteko tresna ederra eraikitzen ari dira.

Hori guztia gutxi balitz, abiadura handian joango omen den garraio honek EAEko hiru hiriburuen arteko bidaia autobusaren denbora berdintsuan egingo du.

Euskal Y-a luxuzko inter-city bat izango dela zioen Nafarroako AHT Geldituk Berrian. Egia borobila. Egun dauzkagun erronkak ikusita, beharbada, lehentasunak berriz planteatzeko garaia izan daiteke. Alegia, trena pasatzen uzteko unea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago