Konpromisoa

Erabiltzailearen aurpegia Oier Llinas 2020ko abe. 5a, 10:00

"Erabil dezagun euskararen eguna gure ohiturak aldatu daitezkeela demostratzeko"

Nire iruditerian Gabonetako argien piztea eta Euskararen Nazioarteko Eguna bukatzear dagoen urteari begirada bat emateko mugarriak dira. Jai batean berokia hartzerakoan bezala: oraindik ez zara joan, baina agur esateko ordua heldu da.   

Aurten Gabonetako argiak pixka bat lehenago piztu dituzte, eta Euskararen Eguna Euskaraldiari eskua emanda heldu zaigu. Beraz, aukera paregabea gure hizkuntzaren inguruan gogoeta bat egiteko. Honakoetan, askotan gertatzen zaigu "makrora" goazela, hau da, euskararen egoera gure herrialdean nola dagoen aztertzera edo erakunde publikoek zer egin beharko luketen iradokitzera.

Haatik, gure inguruan gertatzen dena baino, Euskararen Egunean gure barnean gertatzen denari erreparatu beharko genioke. Norberaren buruarekin erabat zintzo izan eta euskararekiko ditugun benetako jarrerak aztertzea: zer egiten dudan ondo, zer hobetu nahi dudan, eta abar.

Behin hori eginda, eta urte berria hain gertu edukita, zergatik ez erabili Euskararen Eguna konpromiso pertsonal bat hartzeko? Gauza pertsonala eta ez oso ikusgarria izan behar da, gure bizitza euskaldunagoa eta aberatsagoa egingo duen zerbait. Liburu gehiago euskaraz irakurtzea izan daiteke. Edo, zergatik ez, gertuko pertsona batekin edo birekin euskaraz hitz egiten hastea.

Bai, oso zaila egiten dela eta ohiturak indar asko duela esango dute askok. Egia da hasieran kostatzen dela, batez ere, urteak badaramatzazu pertsona horrekin erdaraz egiten. Baina, egunez egun eskemak aldatuko dira, eta, hilabete batzuen buruan, arraroa izango dena da pertsona horrekin hizketaldi bat erdaraz edukitzea.

Erabil dezagun Euskararen Eguna gure ohiturak aldatu daitezkeela demostratzeko. Azken finean, Araba euskaldunago bat egiteko ahalmena gugan dago eta hitz batera gaude, besterik ez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago