Zenbaki borobilek positibismo moduko bat ematen dute, ezta? Gutxienez itxaropena pizten dute, ospatzeko aukera aprobetxatzen dugu. Jai handiak ospatu ohi dira 20, 30 edo 40 urte betetzen direnean. Zenbaki borobilek boterea dute. Eta, horregatik abenduan zifra polita zelakoan, "urte borobila datorrela" esaten genuen. Igarle finak, bai horixe.
Olatu batek itzulipurdi ederra ematen dizun moduan utzi nau urteak. Arnas faltan eta non nagoen oso ondo jakin barik. Izan ere, oraindik ez gara urte erdira heldu eta ezin da esan ezustekorik utzi ez digunik. Aurreko asteetara begira bakarrik: GALeko "Mr. X" hori nor izan daitekeen, Guardia Zibilak txosten faltsuak egin dituela, errege ohia ustelkeria kasuren batean protagonista dela… egia esan, berri gutxi eman digute albiste hauek. Hala ere, noski, koronabirusaren pandemia izan da garaile argia lasterketa honetan. Bi krisi, baten prezioan: lehenengo osasun sistemaren ahuleziak azaleratu zituen, eta gero ekonomia pikutara bidali zuen. Aurreko krisialditik oraindik ateratzen geunden, eta, bat batean, berriz zulora.
Eta guzti honi, itxialdia gehitu behar diogu. Bitxia da nola, kanpo baldintza berdinekin, bakoitzak itxialdi pertsonalizatu bat eduki duen: hobeto edo txarrago, arazo handiekin edo gutxiagorekin baina, oro har, gure etxeen hormen barruan antzeztutako drama bat bizi izan dugu. Gure bizitzan eragin zuzena eduki duten gertakizun eta emozio askoren aktore eta ikusle izan gara aldi berean, zurrunbilotik ateratzeko ezer gutxi egin ezinik. Horregatik, irtenbide bakarra garai hauetan hortzak estutzea eta irribarre batekin aurrera egitea da. Azken finean, gure kontroletik ihes egiten duten gertakizunen aurrean ezin dugu askoz gehiagorik egin. Holakoetan, erraza ez den arren, niri umore pixka bat jartzea gustatzen zait. Sarkasmoz ukitutako umore beltza izan ohi da, baina aldarte onean jartzen nau berdin-berdin. Oraindik sei hilabete luze geratzen dira 2020a bukatzeko eta batek daki zer ekarriko duen "normaltasun berri" honek. Beraz, zorte txarrari aurrez aurre begiratu eta barre egin, urte hau bukatzen denean guk hemen jarraituko dugulako, zutik eta garaile.