Ber-aurkikuntzak

Erabiltzailearen aurpegia Oier Llinas 2020ko mai. 3a, 10:15

Arg: Pixabay

"Itxialdi honek ate paregabe bat ireki digu: barrukoak deskubritzeko giltza dugu"

Itxialdi honek azpimarratzen duen gauzetariko bat kanpora begira bizi garela izan da. Gure buru eta etxeetatik kanpora, hain zuzen ere: lana, lagunak, ariketa fisikoa, tailerrak, erosketak… Konturatu barik, askotan etxean afaldu eta telebista ikusi besterik ez dugu egiten. Horregatik, etxean dugunari askotan ez diogu kasu gehiegirik egiten, azken finean, kanpokoak bultzatzen du gure bizitza.

Bikoteari kanpoan (lanean edo gimnasioan) egiten duguna kontatzen diogu, seme-alabei eskolan zer moduz joan zaien galdetzen diegu, baina kasuotan ia beti kanpora hitz egin dugu baita ere: hau edo bestea gertatu da, honek ez dakit zer egin du, besteak hau esan dit. Gure bizitzaren narratzaileak bihurtzen gara, gertatutakoa kanpotik azaltzen duen off ahotsa. Eta, bat-batean, kalea kendu eta etxea utzi digute. Orain ez dago kanpoalderik eta barrura biziz iraun behar ditugu egunak. Gehienontzat zaila da, eta, batzuentzat, jasanezina. Hala ere dinamika honetan aurkikuntzak egin daitezke. Edo, hobeto esanda, ber-aurkikuntzak.

Asko entzuten da itxialdiak bikote asko akabatuko dituela. Beharbada oso positiboa naiz, baina kontrakoa pentsatzea gura nuke. Pertsona hori berriz barrutik ezagutzeko aukera paregabea daukagu. Baita berarekin erlazio bat edukitzeko arrazoiak gogoratzeko ere. Eguneroko "zer moduz" horri benetako zentzua emateko garaia da hau. Komunikazio zintzo eta ireki bat ezartzeak beste pertsona hori berriz aurkitzeko balio dezake.

Gure burua ere ber-aurkitzeko momentu ona izan daiteke. Egunotan, aztarna galduta nien talde batzuk entzuten hasi naiz berriz. Baina ez garaiko diskoak, baizik eta azken urteotan ateratakoak. Zer gozamena lagun zahar hauekin hainbeste urte ondoren batzea eta ikustea nola eboluzionatu duten, zer onak diren eta zenbat gustatzen zaidan euren musika.

Zaila da, duda barik, baina itxialdi honek ate paregabe bat ireki digu: etxe barruan eta gure barnean ditugunak deskubritzeko giltza daukagu. Eta entzun besterik ez dugu egin behar. Beraz, aprobetxatu dezagun etxeko barrualdeari erreparatzeko aukera. Zorte pixka batekin, guzti hau pasatzen denean, kanpora hainbeste begiratzeari utzi eta etxe barrura bizitzen ere hasiko gara.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago