Faraoiak eta esklaboak

Erabiltzailearen aurpegia Oier Llinas 2020ko mar. 7a, 10:51

"Beharrezkoa da langile autonomoak babesten dituen erregulazio sendo bat garatzea"

Azkenaldian, iruditzen zait gero eta motxiladun gazte gehiago ikusten ditudala kaletik. Normalean bizikletetan mugitzen dira, baina badaude jadanik patinete elektriko famatuetan gora eta behera dabiltzanak. "Ekonomia kolaboratiboan" lan egiten duten banatzaileez ari naiz, noski. Oinarria oso sinplea da: enpresak zerbitzu zehatz bat eskaintzen du eta langileak, modu autonomoan, beste zerbitzu bat ematen du. Horrela, bien artean kontsumitzaileari zerbitzu oso bat ematen diote. Teorian erraza dirudiena praktikan aldrebestu egiten da. Autonomo horiek ez dira libre izaten nahi bezain beste edo eurek nahiago dituzten ordutegietan lan egiteko. Ordea, euren puntuazio, salmenta kopurua eta antzeko hamaika aldagaitan oinarrituta aukeratzen dute noiz eta zein baldintzatan lan egin. Azkenean, euren soldata eta lanari dedikatutako ordu kopurua sistemaren menpe geratzen da, hasierako autonomia erakargarri hori ezerezean utziz.

Sistema hau ez da berria eta ez da bakarrik banatzaileen sektorean gertatzen. Europatik hain hedatuta dauden free tour deitutakoek modu berean funtzionatzen dute: konpainiak bezeroak erakartzeko marketin zerbitzu bat eskaintzen du, eta gida autonomoek tourra "jartzen" dute. Noski, konpainiak lortu duen bezero bakoitzeko gidek tarifa bat ordaindu behar dute, tour horretan irabazitakoa kontuan hartu barik. Gerta daiteke tarifetan ordaindu beharrekoa irabaziak baino haundiagoa izatea.

Europako Batasunak publikatutako azken Colleem txostenean dio "ekonomia kolaboratiboa" hedatuz gero, "aldaketa sakonak" egin beharko liratekeela lan eta ongizate sistemetan. Badirudi gure gizarteak ildo hau jarraitu lezakeela, deskribatutako plataformetan edo bestelako "mikrolanak" egiten dituzten pertsona kopurua gero eta handiagoa baita. Berez, sistemak, bere erroan, abantaila ugari ditu: etxetik lan egiteko aukera, nahierako ordutegia edukitzea, proiektu ezberdinak aldi berean kudeatzea eta abar. Hori bai, behar-beharrezkoa da langile autonomoak babesten dituen erregulazio sendo bat garatzea. Bestela, XXI. mendeko "ekonomia kolaboratibo" honek piramideak eraiki zireneko garaietara eramango gaitu: alde batean konpainia-faraoia eta, bestean, langile-esklaboak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago