Katalunian atzo hasi ziren Askatasunaren martxak eta, berriz ere, Omnium eta ANC erakundeen deialdiak arrakasta itzela eduki du. Hunkigarria da horietako zutabe bat pasatzen ikustea: milaka pertsona, gazte zein zahar, pausoz pauso amets baten bidean. Indarra ematen du jakiteak herria mugitzen hasi dela, berriz ere iniziatiba behetik datorrela. Kataluniako kasuan ez da beti horrela izan, ordea.
Bitxia bada ere, alderdi politikoak dira independentzia mugimenduaren liderrak egoitza publikoetan eta kaleetan. Eskozian, adibidez, alderdi politikoak politika egitera mugatzen ziren eta kaleko mugimendua beste batzuen eskuetan zegoen. Egia da baiezko eta ezezkoaren kanpainetako buru batzuk politikariak zirela, baina euren barne dinamiken ika-miketatik at uzten zuten independentziaren afera. Halaber, Yes Scotland eta Better Together kanpainek ez zuten alderdien politiketan zer esanik. Katalunian, berriz, alderdi politikoak mugimendu zibilaren buru dira eta euren nahaste-borrasteek mugimendu independentistan eragin zuzena izan dute.
Gorenaren sententziak, baina, mugimendu zibil honetan sugarra piztu du berriz, eta, oraingoan, sute bihurtzeko bidean doa. Egunotako martxek edota Tsunami Demokratikoak sortu duten dinamikek buelta eman diezaiokete independentzia mugimenduak orain arte izandako izaerari. Noski, honek esango luke alderdi politikoek boterea galduko luketela mugimendu zibilaren alde.
Horregatik, beharbada, Kataluniako Barne kontseilari den Miquel Buchek zioen atzo "politikak" gidatu eta ordezkatu behar duela sententziari emandako erantzuna. Hau da, alderdi politikoei utzi behar zaiela ekimena. Ezin da ahaztu procés delakoa Artur Mas president ohiak jarri zuela martxan 2012an, Kataluniako aurrekontuetan inoiz egindako murrizketa handien ostean eta hauteskunde batzuen aurretik. Gizarteak independentzia mugimendua bultzatzen badu, alderdien kontroletik ihes egingo du. Eta politikariak kontrolatu ezin duten mugimendu baten beldur dira. Azken finean, dena herriarentzat baina herria aintzat hartu gabe leloa izan da askotan nagusitu dena Katalunian. Egunotako giroak mugimendu zibilak gidatutako aro berri bat eragin dezake. Hala bada, aurrerapauso erraldoia emango dute.