Katalunia

Proportzionaltasuna

Erabiltzailearen aurpegia Oier Llinas 2019ko urr. 15a, 18:57

"Aireportuko atzoko ekintzan eta gaurko errepide mozketetan Poliziak erakusten duen jarreraren ondorioak ez dira bakarrik zauritu fisikoak izango".

Epaia publikatu eta ordu gutxi batzuetara milaka lagun joan ziren El Prateko aireportua gelditzera. Erraz idazten da, baina atzo gertatutakoak lo zegoen grina bat berpiztu zuen. Gauean, kaleetan, herrietan, jendeak miresmenez hitz egiten zuen gertatutakoaz. Jendeak ilusioz, harrotasunez eta amorruz hitz egiten zuen Bartzelonako aireportuko protestaz. Giroa 2017ko urriaren 1ko berbera zen. Eta, erreferenduma egin zen egunean bezala, Poliziak paper garrantzitsu bat jokatu zuen.

Aireportuan egon ziren kargak "proportzionalak eta egokiak" izan zirela argudiatu zuen Grande Marlaska Barne ministroak. Orain dela ordu batzuk konfirmatu da gazte batek begi bat galdu duela karga horietan Poliziak botatako jaurtigaien ondorioz. Torturak ez ikertzeagatik ezaguna den ministro batentzat, beharbada, "proportzionala eta egokia" izan daiteke, baina ez dut uste manifestariak eta, bereziki, zauritua bera ados egongo direnik.

Izan ere, aireportuko atzoko ekintzan eta gaurko errepide mozketetan Poliziak erakusten duen jarreraren ondorioak ez dira bakarrik zauritu fisikoak izango. Orain dela bi urte egindako erreferendumean jende askok ez zuen espero Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak izan zuten jarrera. Inozentziaz beterik uste zuten polizia espainolak ez zirela eskolen aurrean egongo ziren herritarren kontra arituko. Gero, errealitatearekin talka egin ostean, asko Mossoak eskertzera hurbildu ziren, "euren" Polizia zela esanez. Egun horretan Espainiako Poliziarekiko mesfidantza hasi zen. Gaur, errealitateak atera deitu du berriz, eta mesfidantza hori Mossoetara ere hedatzen ari da. Atzo gauean herrietan egindako protestetan Kataluniako Poliziari mespretxuarekin agurtzen zioten.

Azkeneko bi urte hauetan Kataluniako herritarrek Poliziak gizartean duen paperaren inguruan hausnarketa sakon bat egin dute, gomazko pilotak eta errepresioa katalizatzaile gisa. Egun hauek protesta ugari utziko dituzte eta baita hamaika karga eta zauritu ere. Guzti honen ondorioa izan daiteke gizartea eta Poliziaren arteko erlazioa guztiz apurtzea. Beharbada ez da hedabideen titular nagusietan agertuko, baina kontuan hartuta protestetan ari direnen adina, ondorioek luze iraungo dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago