Gaur gauean La Polla Records taldearen bigarren etorreraren lekuko izango gara. Eta zer nolako berpiztea! Iragarri zuten lehenengo makro-kontzertu andanarako sarrerak ordu gutxi batzuetan agortu ziren. Hurrengo egunetan leku berberetan baina aurreko egunean egingo ziren kontzertu berriak aurkeztu zituzten. Gero, abesti berri bakarra duen disko berri bat kaleratu zuten eta taldearen inguruko liburu berriak publikatu dira. Izan daiteke marketina punk musikara heldu dela? Izan daiteke dirua dela hamasei urte ostean taldea berriz batzeko arrazoi nagusia?
Ez dakit eta berdin zait: La Polla Records da, eta nik sarrera erosita daukat jadanik. Evaristo, Sume, Abel, Txiki eta Tripi eszenatokira igotzen direnean garai baten soinu banda entzuteko aukera edukiko dugu. Ikerketa soziologiko bat egiteko momentu ona ere izango dela uste dut, edo, gutxienez, galdera batzuk erantzuteko momentu aproposa. Adibidez, zer nolako itxura dauka 60 urteko punk musikari batek? Harmailetan sarrera erosi zutenek eserita ikusiko al dute kontzertua? Zenbatek grabatuko dute kontzertua bere iPhone berriarekin?
La Polla Recordsi buruz pentsatzean irudi pilo bat etorri zaizkit burura: kuadrillakoekin partekatutako kaseteak, Gasteizko desagertutako Gallery aretoan egin zuten kontzertua, Bocas diskoaren kamiseta zuen laguna... argi dago taldearen kide berria Nostalgia ("n" maiuskulaz) deitzen dela. Hamasei urte jo barik egon ostean posibleena litzateke ikusle gehienak taldearen jarraitzaile zaharrak izatea. Ezagutzen ditudanen artean batzuk guraso errespetagarriak dira, eta, adinak ez duenez barkatzen, askok astelehenean lanean jai eskatu dute.
Talde zahar bateko taldekide zahar batzuk ikusle zaharkitu batzuen aurrean. Hori da gure ikerketa soziologiko xume honek bota dezakeen emaitza beldurgarria. Punk musikak ez dituela jadanik gazteen kontzientziak astintzen, eta ez dituela sistemari garrasi egitera bultzatzen. Zorte pixka batekin okertuta nabil. Zorte pixka batekin kontzertura goazen "zaharrok" gogoratuko dugu jende mordo bat tristeki bizi dela eta demokratikoki hilko dela. Eta zorte pixka batekin gure kontzientziak berriz piztuko dira. Azken finean, hori da punka, ezta?