Kazetaritza

Erabiltzailearen aurpegia Oier Llinas 2019ko api. 25a, 10:29

"Objektibotasuna ez da existitzen, eta ezin zaio eskatu kazetari bati guztiz neutrala izatea"

Aspaldi nabilkio Interneteko meme bati bueltaka burutik kendu ezinda. Kazetaritza modu sinplean azaltzen omen du: norbaitek euria egiten duela esaten badu eta beste norbaitek ezeztatzen badu, kazetari baten lana ez da biek esandakoa publikatzea, baizik eta leihoa irekitzea eta euria egiten duen baieztatzea. Motza, erraza, argia. Teorian perfektua. Meme honek kazetaritza zer den eta nola funtzionatzen duen ideiarik ez duen norbaitek idatzia da, dudarik gabe. 

Metaforari jarraiki, behin informazio kontrajarriak jasota, kazetariak leihoa ireki beharko luke euria egiten duen ala ez baieztatzeko. Baina, zer da euria? Guretzat sirimiri bat dena andaluziar batentzat euri zaparrada izan daiteke. Azken batean, bakoitzak errealitateari begiratzeko modu propio bat dauka, bere esperientzian eta testuinguru pertsonalean oinarrituta. Framing deitzen zaio honi ingelesez eta gure bizitzaren esparru guztietara aplikatu daiteke, ondasun bat garestia den edo ez pentsatzetik, mugimendu politiko batekin bat egitera. 

Kazetariak, orduan, hiztegia erabili dezake euria definitzeko. Euskaltzaindiak zera dio: "Hodeietatik tantaka erortzen den ura". Arazoak, beraz, jarraitzen du: Zenbat tanta dira sirimiri bat? Zenbatetik aurrera da zaparrada? Hurrengo pausua testu zientifikoak bilatzea izan daiteke edota adituekin hitz egitea erantzunen bila. Noski, adierazpen hauek iturri ezberdinekin konprobatu beharko lirateke ezer publikatu aurretik, seguru egoteko. Guzti hori albiste baterako eta ordu gutxi batzuetan, egunkariak egunero inprimatzen direlako eta web orriak etengabe freskatzen direlako.

Metaforaren zatitxo bati besterik ez diogu heldu, baina irudiaren osotasunaren ideia bat edukitzeko nahikoa izan daiteke. Egia da gaur egungo kazetaritza krisi sakon batean murgilduta dagoela, eta gauza asko dituela hobetzeko. Hala ere, argi eduki behar da objektibotasuna ez dela existitzen eta ezinezkoa dela kazetari bati guztiz neutrala izateko eskatzea. Hedabideetan gauzak aldatzeko lehenengo pausua, beharbada, informatzea hain sinplea ez dela onartzea izan daiteke. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago