Ni Gara

Erabiltzailearen aurpegia Oier Llinas 2019ko ots. 8a, 11:26

"Harrituta geratu zara ikustean zer nolako traza duten betikoek legea tolesteko"

Ez zenuen uste ausartuko zirenik, baina, argi dagoenez, oker zeunden. Denbora zeneraman zeure buruari esaten arraroa zela hauen kontra ezer ez egitea. Eta azkenean, etorkizunez beterik dagoen 2019 honek ematen dizun lehenengo berri txarrak iraganeko titularretara eramaten zaitu. Garaiak garai, ildo berriak jorratu dituzte oraingoan: "ekonomia da, inozo hori". Eta onartutako "akats" baten ondorio ekonomikoak beste batzuek ordaindu beharko dituztela baieztatu duzu. Beste behin, harrituta geratu zara ikustean zer nolako traza duten betikoek legea tolesteko. 

Behingoz kazetariak kameraren aurrean agertu dira, azalpenak emateko prest. Eta erredakzioan lan egiten duen lagunean pentsatu duzu. Prentsaurrekoa aurrera doan heinean, whatsapp taldetik kuadrillakoak bidegabekeria bat dela idazten. Bitartean, zure laguna isilik, ezer esan barik. Nagusiek azalpenak ematean botako zituen bota beharreko guztiak. Gero, etxean, bikotearekin frustrazio osoa aterako zuen, barrenak guztiz hustuz. Animo mezu bat bidali diozu baina ez dago erantzunik: zer esango ote du ba?

Kazetariak euskal herritarrei, zuri, laguntza eske agertu dira. Zer egin? Zuk ez duzu egunero kazeta irakurtzen, beraz, ez zaitu zuzenean eragiten. Zuk lagunduta ere, itxi nahi badute itxiko dute. Aurrekariak ikustea besterik ez dago. Oraingoan, baina, herriari, zuri, zuzenean zuzendu dira. Beste alde batera begiratuko al duzu? Hemendik urte batzuetara, gertatzen dela gertatu ere, atzera begiratzean amore eman zenuela esan nahi duzu? Tamalez, ongi dakizu zer nolako sentimendu garratzak eragiten dituen komunikabide baten itxierak. Bidea, beraz, erraza da: beste behin mendeku zentzugabe baten aurrean herritarrok aurrea hartu behar badugu, ala izan dadila. Ez dakizu zer gertatuko den, baina ongi dakizu porrot bakarra ez saiatzea litzatekela. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago