(Ez)ezagunak

Erabiltzailearen aurpegia Oier Llinas 2018ko aza. 23a, 10:37

"Oraingoan, ezezaguna den gizon horrengatik samin garratz bat sentitu dut".

Gizona makurtuta doa kaletik, aldaka tolestuta ia angelu zuzen bat osatzen. Eskuak lau gurpiltxo txiki dituen taka-taka moduko batera heltzen dira, gorputz osotik tiraka egingo balute bezala. Orain dela asko ez dudala gizon hura kaletik ikusten eta naturak bere bideari tinko jarraitu diola ikusten dut, gizonaren bizkarra gero gehiago tolesten, gurpiltxoen laguntzarik gabe ibili ezin izateraino. Aurreko aldian ikusi ez nuen beste zerbait dauka gizonak oraingoan: laguntzaile bat. Emakume gaztea hizketan doa, eta irribarre batekin hitz egiten dion bitartean, gizonaren begiek gora egiten dute aurrean dutena ikusteko. Adinak behartuta, behetik gora begiratu behar dio etorkizunari. Denbora askotan maitale anker bat da.

Konturatu naiz urteak direla gizona nire bizitzaren parte dela. Plaza berberetan, gure egunerokotasunean igaro behar ditugun kale estu berberetan askotan gurutzatu dugu elkar, bata besteari ezer esan barik. Bi ezezagun euren kontuei bueltaka, ia egunero eta ordu berean, leku berean hitzordua izaten. Baina oraingoan, barren-barrenean, ezezaguna den gizon horrengatik samin garratz bat sentitu dut. 

Beharbada baina, gizon hori ez da hain ezezaguna. Norbaitek galdetuko balu esango nioke ez dakidala ez bere izena, ezta zertan lan egin zuen ere. Ez dakit bikoterik, seme-alabarik edo bilobarik dituen. Baina badakit, edo horrela pentsatu nahi dut, irakurtzea gustatzen zaiola, betaurrekoak erabiltzen dituelako. Baita tweet jaka marroi bat erabili ohi duela, korbata krema batekin. Udazken koloreak gustuko baditu, beharbada, udazkenean jaiotako gizona da. Badakit, urteetan zehar eboluzioa ikusi dudalako, daukan gaixotasunari aurrez aurre begiratzen diola eta gorputzak behera doan arren, begiek gora egiten dutela.  Beraz, egoerak egoera, munduak eskaintzen duena dastatu nahi duen agurea dela esango nuke. 

Badakit ere denborak aurretik daukan guztia higatzen duela eta bi begi horiek ezingo diotela bizitzari aurrez aurre begiratu askoz denbora gehiagoz. Orain badakit egunero kaletik ikusten dudan ezezagun hori nire bizitzaren parte bat dela, eta, ordua heltzen denean, faltan botako dudala. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago