Ez da 'fast food'-a

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Carretero 2022ko eka. 12a, 10:00
PXFUEL

Ipuina mantso elikatzen den senaren jakia da, su txikian prestatzen da, urtez urte gorde den errezetarekin.

Ez dakit dakizuen: nire ogibidea ipuinak kontatzea da. Bai, ipuin kontalaria naiz, eta aurten 25 urte beteko ditut beharrean. Lanbide duina niretzako, baina azken urte hauetan hainbat guraso, irakasle, kultur teknikark eta auzo elkarteko kide duintasun hori "bermatu" nahian dabiltza...Edo ala iruditzen zait niri. Hemen azken urte honetan entzundako komentario batzuk:

Baina nola kobratuko duzu ipuin batzuk kontatzeagatik? Guk bakarrik tarte batez norbaitek haurrak entretenitzea nahi dugu...

Baina ez zara mozorrotuko saiorako?

Baina 25 ume soilik sar daitezke saiora? Nire haurrari trauma bat sortuko diozu ez badiozu sartzen uzten. A!, eta saioa 4-6 urtekoentzat iragarritakoa dagoela badakigu, baina nik bi urteko haurra ez dut aterako saiotik bere anai-arreba barruan dagoelako; eta haurrak molestatzen badu, aguantatzeko ordaintzen dizute.

Nor zara zu esateko niri saio erdian ezin dudala telefonoz hitz egin?

Nola ezin dela meriendatu saio erdian?

Saioa iragartzen duen kartelean zure izena agertu behar dela? Joe ze inportante zaren ipuin kontalari xume bat izateko...

Ba bai, kontalari xumea naiz eta ipuinak bezala, sinplea baina era berean oso konplexua:

Ipuinak gizakiok komunikatzen direnetik bizi dira gure artean, ipuinak talde txikiak biltzen zituen, familiakoak edo inguruko bizilagunak, eta batzuetan herriko plazetan, baina beti talde txikiak, ipuinak hurbilekoak baitira. Ipuinak ez dira garrasika kontatzen, eta ipuinak entzuterakoan kontalariaren hitzaren lurrina usaintzen ez baduzu, malo.

Ipuinak kontatzea egintza soziala zen, familiakoek edo herriko norbaitek kontatzen zituenean, edo profesionalek (xamanek, juglareek, kordeleko kontalariek, itsuek, aktoreek, kopleroek, bertsolariek...) beren lana egin eta gero eskupekoa* eskatzen zutenean (*ardorako).

Ipuina ez zitzaien haurrei kontatzen, helduei baizik, eta txikiek belarria luzatu behar zuten tartean murgiltzeko. Helduak izateko beharrez ibili behar den bidea ala?

Mundua asko aldatu da azken urte hauetan, agian azkarregi. Ipuina mantso elikatzen den senaren jakia da, su txikian prestatzen da, urtez urte gorde den errezetarekin, urtez urte moldatzen joan da prestatzen duen eskuen arabera, osagai desberdinak bat egiten, era magiko batean, belaunaldiz belaunaldi gordetako jakinduriarekin; eta belaunaldi berrien osagai eta jakinduriaz osatu beharko dena bizirauteko.

Ipuinak ezin dira izan 'fast food'-a. Askotan 'fast food'-a etxeko jangeletan ikusten dudana da, ipuin kontaketa batean ikusten dudana, eta horregatik, askotan, ipuinak kontatzeari utzi behar diodala pentsatzen dut, behintzat modu profesionalean. Niri kontatzeak izugarri ematen dit, eta edozein bide edo txokotan beti egongo da nire hitzez bihotza berotu nahi duen gizakiren bat

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide