carretero-inaki

Barruko poliziak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Carretero 2022ko ots. 4a, 10:00
Andre Taissin/Unsplash

Gure gazteak txikitatik bizi dira presiopean, edertasunaren, ongizatearen eta sasi-emozioen azaleko paradigmen menpe kontrolatutako nortasuna eratzeko.

Gaur mendian geundela, kuadrillako nerabe  batek esan dit: "Iñaki, zu ez zaude fuerte, abdominalik ez duzu". Eta listo aurpegiarekin txorizorik ez jateko esan dit, telebistan, gizartean, eskolan, familian, musikan eta beste hainbat tokitan ikasitako tontakeria.

Nire txistorra bokatari begiratu diot, puska bat ahoan sartu dut eta zahatotik ardo apurtxo bat edan eta gero, altxatu naiz, bi kamiseta, termikoa eta txamarra altxatu ditut eta sabela erakutsiz eta nire txitxiak astinduz esan diot: "Hi txikito! Honen azpian abdominalak daude". Eta, giltzurrunak ez hozteko azpiko kamiseta galtzontzilo azpitik sartuz gaztetxoaren gainean bota naiz eta bere burua nire besoaren azpian hartuta zegoenean esan diot: "Bizi eta disfrutatu zure gorputzaz den bezala eta txorizo muturra jantzak, benetako barrita energetikoa da eta. Tripatxoa bai, baina izterrak kristorenak ere ditut, mendizaleak gaitukelako".

Gure gazteak txikitatik bizi dira presiopean, edertasunaren, ongizatearen eta sasi-emozioen azaleko paradigmen menpe kontrolatutako nortasuna eratzeko. Azala, itxura garrantzitsuena da; barruan dagoena, izaera, hori gorde egin behar da. Izaera erakusteak zaurgarriago egiten omen gaitu… 
Mendi tontorrera ailegatu garenean, hantxe zegoen gazte gihartsu bat kamisetarik gabe, bere mendebaldeko gorputz-enbor perfektua erakutsiz. Kuadrillako nerabeak begiratu nau desafiatzaile, eta nik barruko poliziak sentitu ditut. Bi aldiz pentsatu eta gero, zer ostia!, poliziei ostikada eman diet, kamisetak kendu ditut eta hantxe txitxiak bistan eta giltzurrunak hozten…

Kuadrillako nerabea nire alboan jarri da, kamiseta kendu du, sorbaldatik heldu nau eta belarrira esan dit: "Disfrutatu zure gorputzaz eta ez eztukatu zure izaera, jarraitu zure istorioak eta tontakeriak kontatzen"; eta nik, helduek barruan ere poliziak ditugula esan diot goxo, eta berak: "Zu ez zara heldua, agian zaharra, baina heldua ez". "Txikito, non ikasi dek guzti hori?" Eta txikitok esan dit: "Mendian, zuen alboan disfrutatzen eta sufritzen, zuen barruko pasadizoak eta bizi istorioak entzuten, zuen negarrak eta alaitasunak sentitzen, zuen errietak eta ferekak jasotzen, inportante sentiarazten didaten errieta eta fereka horiek".

Kopon, ikasitako nortasuna kendu dit mukitsu honek errealitatezko zaplazteko goxo batekin; eta nire izaera agertu da, zerumugara begiratuz, malko bat erori zait...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide