Kalea bizi

Ostikada isilak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Carretero 2021ko uzt. 18a, 08:00
Justizia Samuelentzat kontzentrazioa. ALEA

Samuelen heriotza ez da gorroto hilketa, "maricon" deitzeak ez du inor hiltzen.... Hori entzun nuenean nire barruko sugarrak piztu ziren

Atzo, Madriletik paseatzen nengoela nire txakurrekin, gorrotoz baino, mespretxuz aho betean "maricones" bota zien gizon argal batek eskutik emanda ziren bi mutili. Bai, ondo idatzi dut: bota; esan ez zuelako esan, bota, bota egin zien hitz potolo hori harri baten moduan"nire eskubidea delako" osagarriaren pisua gehituz... Hauek "homófobo" eta "nazi" erantzun zioten, eta gizonari "Viva España" potoloa atera zitzaion bere barrutik. Nire burua ez zen sutan jarri; barruan ditudan sugarrak bizitu ordez, tristuraren hautsekin estali zen nire barnea...

Lehenengo aldiz marikoi deitu zidatenean, hamar urte edo edukiko nituen. Oraindik ez nekien zer zen hori, eta hori esan zidatenek ere ez, ziur. Hau esan zidan irakasleak: "umeen gauzak", baina harrikada nik jaso nuen, nik. Desberdina nintzela argi utzi zidaten, eta, isilpean, desberdina izate hori arriskutsua zela ikasi nuen... Ondo ikasita, urteetan zapaldu nauen zama izan da, nahiz eta orain hori onartzea kostatzen zaidan. Gizakiok azkar ahazten baititugu mindu gaituzten egoerak eta pertsonak...

Baina nik ez dut ahaztu nahi. Niri gertatukoa pasa zaidalako eta bizi izan dudalako, nik sentitutakoak nire izaeraren zimenduak ahuldu edo indartu dituztelako, eta nik bizitakoa nire bizitza delako. Eta guzti hau ez da nire bizitza pribatua, ez, nire bizitza da, eta ez da ezkutatzeko gaia. Hori da gizartearen zati handi batek nahi duena: nahi duzuna izan, baina zure etxe barruan. "Ez zait inporta zu nire laguna izatea, baina, mesedez, kontuz, jendea begiratzen ari da eta. Zergatik esan behar duzu gay zarela nik heterosexuala naizela esaten ez badut?". Bai, jauna, naizena azaldu behar dut, eta utzi egin behar didazu, hipokresiaz egindako armairu ez hain garden ugari sortzen ari baitira gure gizarte aurrekoi honetan.

Samuelen heriotza ez da gorroto hilketa, "maricon" deitzeak ez du inor hiltzen.... Hori entzun nuenean nire barruko sugarrak piztu ziren, gazte garaian sentitutakoak etsai moduan agertu baitziren nire barruan ezkutuan neukan bataila batean... Hitzek ez dute hiltzen, baina hiltzera laguntzen dute; eta Samuelentzako gogor sentitzen diren ostikada ikusezinak izan ziren, baina hauek autopsian ezin ikusi. Gay, marikoi, maritxu, marikita hitzen orbanak ez ditugu ezkutatu behar, ez baitira gure bizitza pribatuaren zati bat.

Euskal Herrian nago, eta nire bizitza aurrera eramaten dut kezka handirik gabe, ezagutzen nautenek naizen bezala maite nautelako, ezer ezkutatu gabe. Argi dut oraindik badirela desberdin ikusten nautenak eta ozen marikoia esan nahiko luketenak; bakarrik espero dut egun batean aurre egin behar badiet "Gora Euskadi" ez entzutea bere ezpainetatik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide