kalea bizi

Euskaldun berri, beti berri

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Carretero 2021ko mar. 6a, 12:00

Euskaldun berri ez, euskaldun gaztea nahiago.

Belarriprest eta ahobizien garaia pasa denean, eta hainbat ahok ez dituztenean mihiak hain arin eta belarriak ez hain erne, nire buruari galdetu diot zer desberdintasun dagoen euskaldun berri eta euskaldun gazte baten artean. Erraza: euskaldun berri batek ia ziur EGA eta perfilak ditu, baina bere euskalduntasuna agian ez da zahartuko. Euskaldun gazte batek, berriz, euskaraz egiten du amets eta bere euskalduntasuna zahartu nahi du, agian ez da ondo arituko euskaraz, agian erdarakada sartu ere, baina beti harro euskaldun berri bat, upss!!, barkatu, "euskaldun gazte bat" sortzen ari delako, agian "irakaskuntza formalen eta perfilen" zilbor-hestea ebaki duelako eta ez ordea euskaraz bizitzera lotzen duen arima berezi hori....

Ez hain urrutiko iragan batean, txikitan, ez nuen euskaraz hitz egiten, ezta euskaraz amestu ere, baina euskaraz bizitzen erakutsi zidaten. Nortzuk? herriko jendeak, herriko amonek, egunero entzuten nituen sare jostunen ahotik entzuten nituen kondairek... Hau da: herriak, herri giroak, herriak berak.

"Euskaldun zaharra izateko bide polit honek pertsona ezberdina izateko tartea eman dit"

Euskara ez nekien, baina hizkuntz polit hau nire barnean sustraitu zen nire barnean entzun eta dastatzen nuena bizi nuelako, eta nahiz eta batzuetan ulertu ez, hizkuntzaren doinuekin, hitz jokoekin eta bestelakoekin jolasten zuen nire buruak. Eta agian hori da lagundu nauena euskaldun gaztea izaten: hizkuntzaren grina ikasi nuen, bere estruktura sentimentalak, esaldiak egiteko erak, hizkuntzaren errebueltak, beti euskara bizi batekin jolastuz; hau da: jolasten euskarak beste hizkuntzatik desberdintzen duena ikasi nuen, erdara edo gaztelaniatik itzulpena egiten ez nuen ikasi. Hauek beste sentimendu eta griña batzuk dituzte, eta, horrela bada, ezin euskara zahartu zure barruan, horrela beti euskaldun berria izango dira.

Nik ez dut perfektu hitz egingo, erdarakada asko sartuko ditut hitz egiterakoan, eta idazterakoan akats ugari edukiko ditut, bai, baina euskara dut barnean, sustraituta. Ez daukat euskalduna izateko titulurik eta beharrik ere ez, ez nuen gainditu azterketa, igual horrexegatik gustuko dut euskaraz bizitzea, igual horrexegatik gustuko dut euskararekin jolastea... Aurten 50 urte nire sorbaldan, eta 35 urte euskaraz egiten, eta pozik euskaraz egiteagatik, euskaldun zaharra izateko bide polit honek pertsona ezberdina izateko tartea eman didalako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide