kalea bizi

Irakurtzea

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Carretero 2021ko ots. 13a, 10:00

"Ehunka haurri lagundu diet liburuak maitatzen, bere erritmoan, haien aldamenean".

Irakurtzea batzuetan ez da erraza, irakurtzea batzuetan ez da gozagarria, eta irakurtzeak ez ninduen hegan egiten uzten, eta orain, batzuetan, ezta ere.

Irakurtzea agobiatzen ninduen gai bat zen, eta oraindik ere, batzuetan, izaten jarraitzen du...

Ez dut esan nahi irakurtzea ez zaidala gustatzen, ez. Hori gezurra izango litzateke eta.

Nire errealitatea eta askoren errealitatea beste bat da: irakurtzea ez zaidala gustatzen esate hori gure errealitatea ezkutatzeko aitzakia baita. Eta, zein da errealitate hori? Ba erraza: irakurtzea kostatzen zaigula, irakurtzea kostatzen zaidala; baina zein poza erraz edo gustuko libururen bat topatzen dugunean!

"Kostatzen zait" esatea gure gizartean ez dago ondo ikusita. Estigmatizazioa. Are gehiago, gutako bakoitzaren irakurtzeko edo ikasteko era "normalizatua" edo "normala" ez denean. Estigmatizazioa.

Irakurtzea gustatzen zait. Baina kostatu ere, asko. Esfortzu handia.

Nire buruan letrak mugitzen dira, dantzan egiten dute, ezkutatu ere egiten dira..., baina ez era metaforikoan liburuaren egunetan hainbat lelok(*) esaten duten bezala. Nire buruan, hizkiak dantzan dabiltza, baina kasu honetan guztiz modu errealean.

Nahastea. Hemen adibide bat: q, p ,d, b, N, z, m, w, eta abar. (*) "lelo" hitza ere, gaztelaniazko esanahiarekin irakur dezakegu...

Batzuk dislexikoa naizela esaten dute. Beste batzuk "argia baina alperra" naizela esaten zidaten, eta beste askok ez naizela irakurlea (ia beti mespretxuzko tonuarekin, gainera).

Behin kontalari famatu batek esan zidan: "Si no eres lector, nunca podrás animar a leer"... Ba izorra hadi, kontalari hori!!! Hemen nago.

Agian ezin ditut irakurri liburu potolo eta niretzako zailak direnak, baina batzuetan, esfortzu handiz, liburu horiek irakurtzea lortzen dut, eta baita gustatzea ere.

Agian gutxiago sentitzen naiz pertsona batek "Ezin al duzu oraindik liburu hau irakurri?" galdetzen didanean, jakin gabe kostatzen zaidan ala ez. Baina tira, nik ahal dudana egiten dut eta ehunka liburu erraz irakurri ditut. Hori bai, errazak... Behin batek esan zidan gaztelaniaz: "de esos que no son libros libros"

Batzuek gutxi irakurtzen dudala esango dute, bai, baina irakurtzen kostatzen zaienei, irakurtzeko arazoak dituzten ehunka haurri liburuak maitatzen lagundu diet, bere erritmoan eta bere barruko tresnak azaltzen eta erabiltzen erakutsiz, beti haien aldamenean liburu on eta polit batekin...

Haur literaturak, liburu, istorio politak, dibertigarriak eta xumeak behar ditu. Hain xinple eta hain zaila aldi berean...

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago