Duela pare bat aste Madrilen izan nintzen, eta ustekabean Castilla plazan dagoen Fundación Canal erakustokiko Arte urbanoa, sorreratik Banksyra ikusteko aukera izan nuen. Arte kontuan aditua ez banaiz ere, gustatzen zait ahal dudan neurrian garai desberdinetako artisten lanak jarraitzea, ze estetika diferenteetatik abiatuz gizakion errealitatearen gaineko gogoeta personala eragiten du artelanak, argitxo bat piztuz gutako bakoitzarengan.
Uztailaren 26ra luzatuko den esposizioan arte urbanoaren eboluzioa ikus liteke esanguratsu diren hainbat artista originalen artelanen bat erreferentzia dela, besteak beste, Jean Michel Basquiat, Keith Haring, Seen, Blek le Rat, JR, Invader, Os Gemeos, Suso33, El xupet negre PichiAvo... edo Banksyrenak. Sarrerako informazioan irakurri ahal den lez, arte urbanoa azken hamarkadetatik egunera arte hizkuntza ezagunena eta eraginkorrena bihurtu da, zalantza barik Filadelfia edo New Yorken 1960. hamarkadako kaleetan sorturiko lehen lanetatik gaur egunerako ibilbidean mundu guztira zabaldu den modernitatearen ikurra. Erakusketan bost etapa historiko ikus litezke: 1-Grafitia: autoafirmazioa eta identitatea (1960ko hamarkada amaiera-1970), 2-Kaletik galeriara: arte urbanoaren legitimazioa (1980ak), 3-Street art globala eta Stencilaren garaia (1990), 4- Dimentsio politikoa eta mediatikoa (2000tik aurrera), eta azkenik 5- Gaur egungo sofistikazioa: hizkuntza, teknika eta diskurtso berriak, hau da, grafitikiekin loturiko autoafirmazioa lanetatik aktualitateko diskurtso, teknika eta ikus-hizkuntza berrituen norabide izateko arte urbanoaren ibilibidea, gainera azken urteetan hain ezagun den Banksyren lanak ziur zer pentsa emango dizula.
"Arte urbanoaren azalpen kronologikoetik harago mugimendua definitzen duten ezaugarriak azaldu nahi ditu erakusketak"
Arte urbanoaren eboluzioaren irakurketa historikoa eta kritikoa eskaintzen dio ikusleari erakusketak, arte garaikidearen mintzaira berrituaren gizarte eta kultura transformazioak ikertuz. Aipatzekoa da sare sozial muturrean kokaturiko Tag deiturikoa, hau da, rotuladorez edo sprayez eginiko grafiteroen sinadura espazio publikoetan, edozein tabernatako komun zuloan edo auzoko peskaderiaren pareta guztia estaltzen duen sinadura anonimoa, arte garaikideko ikus lengoaia garrantzitsuenetarikoa bihurtua.
Gainera arte urbanoaren azalpen kronologikoetik harago mugimendua definitzen duten ezaugarriak azaldu nahi ditu erakusketak: legalitate kontzeptua eta legez kanpokoaren arteko gatazka, gizartean oinarritutako ezaugarrien eta eragin unibertsal digitala dutenen arteko dialektika, eta batez ere anonimotasunaren garrantzia. Kontuan izan behar da arte lana anonimoa izatea eta sortu lezakeen eragin sozialaren arteko kontraesana artista berberaren artea egiteko eta ulertzeko modua dela, adibidez Banksyk anonimatoa bere muturrera eramanda, kritika soziala bere lanaren oinarri izanik sekulako inpakto mediatikoa lortu du. Banksyk artea ulertzeko modu berria ezarri du, ze gaur egun bizi dugun arazoez eztabaidatzeko artistak (anonimotasunean ezkutatuta) duen eraginenaren adibide paradigmatikoa bihurtu da.
Beraz, erakusketa arte urbanoaren atlas dinamiko lez planteatua dago, arte urbanoari ezarritako begiradan New Yorkeko auzo periferikoetatik abiatuz gaur eguneko zirkuito internazionaletako museoetan ikus litezkeen arte lanekin amaitzeko. Erakutsitako ibilbidean kultura urbanoko produzio artistikoa gizarte protestei uztartuta zelan mende erdiz espazio publikoetan hedatu den azaltzen zaigu, gure garaiko ikur bihurtu diren ikus esperimentuak eta metamorfosi kulturalak begien bistan ipiniz. Ahal baduzu bueltatxo bat eman merezi du eta.
Imanol Ibaibarriaga.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.