'Udaberria ailegatu zaigu, negu maltzurrak utzi gaitu'

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Ibaibarriaga 2025ko api. 14a, 12:58

Irudia: I. Ibaibarriaga.

"Paseoan dabiltzan guztiek harrituta begiratzen diote taburetea eskuetan irribarrez sex-shopetik irtendako gizontxoari"

Sarri esan ohi da irudi batek mila berben balioa duela, eta ez nuke ezetzik esango, ze ditxosozko sare sozialetako batean nabilela begien bistara etorri zait bineta bat udaberriaren etorreraren seinale lez: bertan, paseoan dabiltzan guztiek harrituta begiratzen diote taburetea eskuetan irribarrez sex-shopetik irtendako gizontxoari. Mueble denda baten, sex-shopean izan barik, aulkitxoa erosi izan balu, pentsamenduak ez ziren izango lizunkeria dariela harriduraz betetakoak; baina udaberria izanik... "gutxiagoz ere su hartu zuen" esango luke norbaitek. Ez ahal dugu ba ikusten zelan loraturik dauden inguruko zelai eta mendiak txoritxoak txirri-txitxika dagozela? Orduan geure natura bera eraldatzen da pasioa borborka ernatuz, eta edozerk eszitatzen ez gaituelakoan... al loro, halako ezinegonarekin dabilenak zer edo zer kilikagarria proposatu ahal digu eta. Ze taburetea ez dugu lotzen sex-shopeko souvenirrekin, kolorezko zakilekin, nahi bako ondorioak izango lituzketen lubrikanteekin... baina udaberriaren hormona eraginpean? Ez dakit ba.

Orduan urtaro berriak desioa gogora gorantz dakarrela, pentsa genezake binetako aulki txikia ere horixe dala: plazerrera ailegatzeko eskaileratxoa (ase ezinik gozatzeko, hatzekin zerua ikutzeko...)."Azken goteoaren tentsioa... gori-gori dagoen txapa gainera eroritako izerdi tantak: sruurrush... sruurrush....", testuinguru jakin batean ipinita, klaro. Derrepentean konturatzen gara gauzen esanahia aldatu egin dela sex-shop batetik altzari dendara, "dena bere onetik aterata, edozer!" esango luke guztia ondo lotuta lagatzea gustatzen zaionak, baina "gogoa dagoan tokian aldaparik ez" erantzungo zenioke igual zuk zeuk ... udaberriak ere denongan ez du eragin berbera eta.

Xabier Saldiasek abesten zuen lez: "Udaberria iritsi zaigu, negu maltzurrak utzi gaitu...kimu berriak lora daitezen..."

Ze hamaika alergia sortzen dira sufrimendu handia eraginez polinizazioa dela eta, egoera jakin batzuen aurrean bati baino gehiagori "ezin ailegatuta nabil" entzun ahal diogula (bitartean aulkitxoa zintzilik "hartu nazazu" oihuka). Horregatik sortu da azken batean teknika: helburu dugun horretara ailegatzeko, inoren despresioz betetako komentarioak ez entzuteko (maila bat gorago interesak kobratzeko). Eta ondo erreparatuz gero, ez gu geu gizakiongan bakarrik, gainontzeko animaliengan ere ezin ailegatze biologiko horrek (aulkitxoa behar horrek) eragina izan du izadian izaki bizidun guztiok geure biologiara moldatzeko. Inoiz entzun izan dugu "hori tonto hutsa da jaio zenetik", ba... bai, baina ez... Esate baterako jirafak, lepoa hainbeste luzatzeak hortxe du bere saria, imajina itzazu jirafak beti gorago dauden arbola hostoak jan nahian; behera inoiz begiratu barik, (aulkitxo barik) burua beti tente tentsio baten, geldi-geldi bada ere mendeen poderioz lepoa gorputzeko atalik luzeena bilakatu arte, kankailuak!

Akordatzen naiz zelan kantatzen zuten gaztelaniaz Bob Dylanen Man gave name to all the animals Krahek, Sabinak eta Perezek: El hombre puso nombre a los animales con su bikini, con su bikini... Bainujantzi horrek argi eta garbi erakusten digu animalion eboluzioan etenik bako ahaleginetan belaunaldi desberdinen okurrentziak eta sexu grinak ugalketarako batu izan direla, batez ere udaberrian (naturak badaezpada be taburetea beti prest). Gizontxo berari ere dendatik irtetzean horrela begiratzen diote paseoan dabiltzanak: lepoa luzatuta jirafak lez, eurengan ere udaberriaren eragina harridura aurpegian nabarmentzen dela. Ze udaberriak alergia eta guzti denoi aulkitxo bat eskeintzen digu ahalegintzeko, trebatzeko gorputz eraldaketan, "Zuk esan ere..." pentsa zenezake, baina teknologiarik ez da existitzen ahalbideratzen ez bada gailua: min puntarekin ea nork ikutzen duen sudurra, gero imajinazio apur batekin udaberri loratuan bikotearekin saiatzeko... Ah ze sufrimendua jirafa lepoa luzatu eta ailegatu ezinik dabiltzanak! Egan musika taldeko Xabier Saldiasek abesten zuen lez: "Udaberria iritsi zaigu, negu maltzurrak utzi gaitu...kimu berriak lora daitezen...".

Imanol Ibaibarriaga.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago