Erakusgai jarritako apaingarria "negrito" bat da; XVII. eta XVIII. mendeko Europako herri arte dekoratiboaren pieza bat, Blackamoor izenekoa. Gorputz beltz exotizatuak irudikatzen dituzten mahaiak, portzelanazko irudiak, kandelabroak, altzariak eta beste luxuzko objektu batzuk — normalean afrikarrak edo "moroak"—, aristokrazien oparotasuna eta gustu bitxia erakusteaz harago, bahitutako, merkaturatutako eta jabe zuriaren zerbitzura menderatutako gorputzak irudikatzen dituzte. Arrazista zen orduan, eta arrazista da gaur egun.
Txokolatea, teak, kafeak eta bestelako gozoak saltzen dituen dendaren erakusleiho txiki horrek erakusten duenak historiaren muturreko indarkeriarekin kontrastea egiten du. "Izan ere, ez da kasualitatea erakusgai dauden inportaziozko salgaiak —haurra barne— Espainiako inperioaren (eta, oro har, europarren) enpresa kolonialaren eta afrikarren esklaboen salerosketa transatlantikoaren ondorio izatea. Horien bidez, 15 milioi haur baino gehiago (familiekin batera bahituak edo haietatik bananduak, edota jada esklabo jaiotakoak), gizon eta emakume, deshumanizatuak izan ziren Ameriketako plantazioetan (azukrea, kafea, kakaoa, tea, kotoia), meatzaritzan edo etxeko zerbitzuan esklabizatuak izateko. Lau mende iraun zuen enpresa esklabistak egungo kapitalismo basatia finkatzea ahalbidetu zuen; horren arabera, Iparraldeko herrialdeak Hegoaldeko herrialdeen baliabideak arpilatzera dedikatu dira, planetaren suntsipena eta desberdintasun eta miseria ereitera.
Gasteizek, eta Euskal Herriko leku askok, zuzeneko parte hartzea izan dute historia horretan, izen-abizenekin, hala nola Kubako Zulueta klana, erakundeak, administrazio publikoak, banka eta Eliza katolikoa. Denak, modu batera edo bestera, onuradunak eta oinordekoak dira. Inork ez die barkamenik eskatu biktimatutako afrikarrei eta haien ondorengoei, ezta aitortu ere; eta are gutxiago erreparazio justu bat. Nostalgia kolonialaren iruditeria estaltzen eta betikotzen duen isiltasun bat dago. Bitartean, arrazismoak —egiturazkoak (CIEetakoa, kaleetako eta mugetako polizia-kontrolarena, atzerritarren legeena eta eskolako segregazioarena eta etxebizitza eskuratzeko diskriminazioarena)— eta arrazismoaren eguneroko beste adierazpen batzuek hizkuntzan, kulturan, dekorazioan… indarrean dirau.
Gladys Giraldo, Contrapunto Decolonial kolektiboa.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.