Iritzia

'Ama... zergatik?'

Erabiltzailearen aurpegia Karmele I. Apaolaza 2026ko ekainaren 19a

Argazkia: ALEA

"Gasteizko jaietan GKS eta Etxebizitza Sindikatuko txosnetan bokadillo bat jan nahi dut"

-Ama, gu euskaldunak gara, baina zergatik?

-Ez dakit, ez dut sekula pentsatu, beti jakin dut euskalduna naizela eta garela. Horrela sentitzen dut.

Galdera hau egin zidan egun batean gure semeak eta sekula pentsatu gabe nuen zerbaiten inguruan pentsatu nuen egun hartan. Bai, euskalduna naiz, nire familia ere bai, jatorrizkoa eta sortutakoa nire bikotearen ondoan, ere bai. Araban bizi gara eta euskaldunak gara. Euskaraz bizi gara, euskara eta Euskal Herria maite ditugu, gureak dira, eta gu bereak. Ez dago zergatik bat, barruan sortu eta bizi den zerbait da.

2011. urteko udaberriko arratsalde eder bat zen, maiatza zen, eta Gasteizko Matxete plaza zoragarri eta goxoan ekitaldi oso berezi bat zegoen. EH Bildu zen protagonista, eta emozioz beterik han geunden zain, hainbat eta hainbat herritar, euskaldun. Hauteskundeetara aurkeztuko ziren gure ordezkariak hasi ziren hitz egiten, urduri eta ilusioz beterik. Plaza guztian ilusioa eta etorkizunari begira jarritako esperantza zen nagusi. Han nengoen ni, ume bat mantalean eserita eta bestea ondoko aulkian. Poza, ilusioa, beldurra, lasaitasuna,… dena nahastuta, tripan tximeletak dantzan eta Bildu gara bildu… gure belarriak goxatzen, eta umeak etxera joan eta jarraitzen zuten abesten, behin eta berriro, egunean bertan eta ondorengo egunetan: Bildu gara bildu...

Lasai nengoen, gure umeen etorkizunaren bidean argia ikusten zen, euskaldunok bagenuen argia bidean, EH Bildu zen gure argi-iturria. Bide berrian ez zen ikusten hesirik, paretarik,… Sasi guztien gainetik, laino guztien azpitik zioten gure sorginek edo beranduago Gatibuk abesten zuen Laino guztien gainetik, sasi guztien azpitik, batean edo bestean bidea irekita zegoen.

Baina… puxika baten modura ilusioa, esperantza, alaitasuna,… husten hasi zen. Eta orain semeak galdetzen dit:

-Ama, zer egin dut gorrotatua izateko?

-Ez dakit, kezkatuta egongo nintzateke Vito Quilesen atzetik ibiliko bazina, gure Euskal Herri maitea maitatzeari utzi bazenio, gure herriaren eta munduko beste herri batzuren kontrako injustiziekin kezkarik edukiko ez bazenu. Planeta osoaren etorkizun hobe baten alde egongo ez bazina, borroka egiteari utzi eta arratsaldeak Playstationarekin pasako bazenitu. Baina bizirik eta esna zaude, nik ez zaitut gorroto. Eta zuen ekitaldi batera joaten naizenean 2011ko udaberri hartan bezala tripan tximeletak dantzan hasten zaizkit.

2011. urteko udaberriko arratsalde eder hartan, ez zegoen nire buruan tokirik pentsatzeko nire seme alaben etorkizuneko bidean hesiak, paretak, sasiak,… EH Bilduk jarriko zituenik.

Utzi gazteei beraien bidea egiten, utzi artaldetik atera eta eskua altxatzen, beraien ilusioak, ametsak, utopiak,… bizitzen. Planeta honek behar ditu horrelako gazteak. Gorriak, berdeak, zuriak, beltzak,... langileak, galderaz eta erantzunez beteak, borrokalariak eta erromantikoak,…

Ez naiz lotsatzen nire semeaz, ez naiz lotsatzen. Eta Gasteizko festetan GKS eta Etxebizitza Sindikatuko txosnetan bokadillo bat jan nahi dut, txosna horietan ere bai.

Karmele I. Apaolaza.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago