Iritzia

Vox, oraingoan Adurtzan

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Larrion 2026ko ekainaren 12a

Arrazakeria eta faxismoaren kontrako protesta, Adurtzan. Argazkia: KONTSEILU SOZIALISTA

"Ideia faxistak eta estatuen autoritarismoa indartzeko erabiltzeko saiakera baten aurrean gaude"

Asteak daramagu salatzen Gasteizen ematen ari diren mugimendu kriminalizatzaileen abiapuntu nagusia Vox dela, eta larunbatean Adurtzan hala ikusi zen.

Azken asteetako gertakariak errapasatzen baditugu, Errekaleorren kontrako kanpaina kriminalizatzailearen jopuntua Voxek jarri zuen, eta ondoren udalak eta Poliziak exekutatu, zirko mediatiko osoa lagun zutela. Ondoren Voxekoak musika konbertsatorioko aterpean lo egiten duten personak kriminalizatzera joan, eta hurrengo egunean bertan joan zen Polizia kale egoeran dauden pertsona horiek botatzera. Nola ez, Gasteiz hegoaldeko fabriketan bizi diren ehunka pertsona migranteen aurka ere egin zuten, eta horren ondoren etorri zen URSSA eta EGA fabriketan bizi diren pertsonen aurkako Poliziaren makro operazioa eta Fournier fabrikaren desalojoa pasa den astean. Astez aste, modu batean ala bestean kale egoeran dauden pertsona migranteak egon dira zirko mediatikoaren erdigunean, migrazioa eta segurtasun ezaren arteko harremana egiten duen marko erreakzionarioa ezarriz.

Testuinguru horretan ulertu behar dugu ezinbestez asteburu honetan gertatutakoa. Izan ere Adurtzan krispazioa sortu duten gertakari kezkagarrien aurrean, ideia faxistak eta estatuen autoritarismoa indartzeko erabiltzeko saiakera baten aurrean gaude.

Pasa den asteburuan "auzokideen" izenean batzar bat zegoen deituta, auzokideen kezkak apelatuz baina eduki arrazista argiarekin. Izan ere deialdian "pabiloi osoak okupatzen dituzten" pertsona guztiei egozten zitzaien gutxi batzuek egindakoaren errua. Gutxi batzuek egindakoa orokortuz eta jatorriari lotuz. "Auzoa berreskuratzearen" beharra aldarrikatzen zen deialdian horretarako bi eskaeraren baitan: migranteen kanporaketa eta Polizia gehiago.

"Gezurrak mediatizatzen dituzte, pobrea eta migrantearekiko gorroto irrazionala zabaltzen dute alarma egoera bat sortuz"

Horren aurrean Gasteizko hainbat eragile mobilizatu ginen. "Auzokideen" batzarrera bi antolatzaileak baino ez ziren bertaratu: Voxeko agitadore faxista eta Arabako prokuradorea den Jonathan Romero eta PPko zinegotzia den Gustavo Antepara izan ziren agertu ziren bi pertsona bakarrak. Romero izan zen hain justu pasa den asteetan Errekalorrera zein kontserbatoriora joan zena kriminalizazio kanpaina abiatzera sare sozialen bitartez. Bere sare sozialei erreparatuz gero, bere bideo denek dira migranteen kontrakoak eta diskurtso sekuritarioa zabaltzen du bideo guztietan. Bestalde Antepara ezaguna da legez kanpoko pisu turistikoak izateagatik Luxury Rental Apartments S.L. enpresaren izenean  eta horietan legez kanpoko obrak egiteagatik inpunitate osoz. Faxista deklaratua eta espekulatzailea omen dira auzoetara "segurtasuna" ekarriko dutenak.

Romeroren sare sozialetara joatea besterik ez da behar ikusteko nola hauspotzen eta instrumentalizatzen duten beldurra eta ezinegona modu kontzientean faxismoa indartzeko. Gezurrak mediatizatzen dituzte, pobrea eta migrantearekiko gorroto irrazionala zabaltzen dute alarma egoera bat sortuz. Hori beti ere marko arrazista eta erreakzionario baten baitan kokatuz, ondoren elektoralki indartuta atera daitezen. Orain gainera, udalak zein Poliziak men egiten diote. Funtsean, Voxek ez du inolako beharrik zinegotzirik izateko udalean bertan eragiten duen indar bat izateko.

Asteburuan batzar horren aurrean mobilizatu ginen aldarrikatzeko erreakzionario eta faxistek inposatu nahi duten aterabidea ez dela irtenbide bat. Diskurtso erreakzionario eta sekuritarioak eztabaida migrazioa eta segurtasunaren auzira mugatzen du, bere egiturazko arrazoiak ezkutatuz: kapitalismoaren krisiaren ondorio dela. Vox-PP, Polizia eta udala elikatzen ari diren marko erreakzionarioaren aurrean faxismoa eta indartuta ateratzen ari den estatuaren programa autoritarioaren aurkako posizio irmoa izan behar dugu, eta norabide horretan antolatzen jarraitu.

Garazi Larrion, Gasteizko Kontseilu Sozialistako kidea

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago