Aurreko astean, fabrika abandonatu batean bizi diren pertsonak Errekaleorren etxeak okupatzera bultzatu zituen Poliziak. Honek, auzoko bizilagunekin liskar gogorrak eragin zituen. Ni neu urteetan bizi izan naiz Errekaleorren, eta badakit zein konplexua den egoera hauei aurre egitea, beraz, ezer baino lehen Errekaleorreko bizilagunei elkartasuna adierazi nahi diet.
Prentsan apenas aipatu den arren, Vox-en propaganda ekimen bat izan zen egoeraren abiapuntua. Apirila amaieran alderdi faxistako kideek bideo bat grabatu zuten, Errekaleorren etorkinei okupatzeko baimena ukatzen zitzaiela esanez. Aste batzuk beranduago Ertzaintzak kalean bizi ziren pertsona ezberdinei esan zien Errekaleorreko etxeetara sartu zitezkeela, eta auzoraino eskoltatu zituen. Noski, honek auzoko bizilagunekin talkak eragin zituen. Gerora etorri ziren prentsaren kriminalizazioa eta Gasteizko alkate Maider Etxeberriaren Errekaleorren aurkako adierazpenak. Pobreak pobreen aurka borrokan, okupak beste okupa batzuk desokupatzen… klima mediatiko ezin hobea lortu zuen Vox-ek testuinguru erreakzionarioa indartzeko.
Gasteizko auzoan gertaturikoak logika arriskutsu bati erantzuten dio: faxismoak seinalatu, Poliziak exekutatu eta instituzioek maniobra osoa babesten dute. Eta ez, ez da kasu isolatu bat. Antzeko zerbait ikusi genuen iaz Donostian afari solidarioekin eta antzeko zerbait ikusi dugu aste honetan bertan Gasteizen: Vox-ek kontserbatorioko arkupeetan jendea bizi zela salatu eta hurrengo egunean bertan, udalak poliziak bidali zituen jendea kanporatzera. Faxistek, indar instituzional urria izan arren, beraien agenda ezartzea lortzen dute. Horretarako Poliziaren, plataforma digitalen, komunikabideen eta beste alderdietako politikari profesionalen laguntza dute. Izatez, guztiak daudelako proletalgoaren eta militantzia politikoaren aurka.
Gasteizko auzoan gertaturikoak logika arriskutsu bati erantzuten dio: faxismoak seinalatu, Poliziak exekutatu eta instituzioek maniobra osoa babesten dute
Krisi kapitalistak eraginda, langile klasearen pobretze orokortua ematen ari da, eta honek muturreko pobrezian gero eta jende gehiago egotea eragiten du, besteak beste, kalean bizitzen. Testuinguru honetan makrodesalojoak eman dira hiriburu ezberdinetan: Donostian Herrera eta Martutenen; Iruñean Arantzadin; Bilbon Zorrotzaurren… Abandonaturiko eraikinetan miseriazko baldintzatan bizi diren pertsonei kalitatezko bizilekuak eskaini ordez, errepresio bidez arazoa desplazatu, ezkutatu eta egoera horretan bizi den jendea biolentatu egiten dute. Udal bakoitzean agintean zein dagoen erreparatuz, ikus daiteke kolore guztietako alderdiek darabiltela errepresioa muturreko pobrezian daudenen aurka.
Makrodesalojo baten mehatxupean daude, hain justu, Ertzaintzak Errekaleorrera bidali zituen pertsonak. Poliziak sektore zaurgarrienak mugimendu politikoen aurka erabiltzeko joera zahar bezain ezaguna da, eta kontundentziaz egin behar zaio aurre. Izan ere, muturreko pobreziak azal ditzake erabaki eta jarrera asko, baina ez ditu guztiak justifikatzen. Ez da onargarria, etxebizitza beharra muturrekoa izan arren, Poliziaren zerbitzura jardun eta proiektu politiko independente bat eraikitzeko ahalegina arriskuan jartzea. Esan gabe doa, horrelako egoerak ideia arrazistak zabaldu eta estatuen autoritarismoa indartzeko erabiltzen dituztenei aurre egitea ezinbestekoa dela.
Bukatzeko iruditzen zait egoera honek zenbait gako mahaigaineratzeko balio behar digula. Alde batetik funtsezkoa da klase batasuna antolatzea. Krisi kapitalistak sortzen duen ezinegona kapitalaren eta bere kudeatzaileen aurka bideratzeko baldintzak sortu beharra dago. Horretarako klasea banatzen duten ideologien -arrazakeria, matxismoa…- zein jarreren -txibateoa, biolentziaren kultura…- aurka borrokatu beharra dago, pertsona guztientzako kalitatezko bizi baldintzak defendatzearekin batera. Bestalde, estatu kapitalisten autoritarismoaren kontra, eskubide politikoen defentsan, indarrak batu behar ditugu. Indar metaketa hau eraginkorra izan dadin, estatu horiek kudeatzen dituzten alderdi politikoekiko modu independentean egin behar da, gobernu-alderdi guztiak ari baitira pobreziaren handitzeari, errepresioaren gogortzearekin erantzuten. Jasandako erasoaren aurrean Errekaleorrek egin duen irakurketa norabide egokian doa.
Peio Ormazabal.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.