Aurreko astera arte ez nuen batere esperientziarik lanpostu publikoetarako azterketetan; bai, ordea, nire hizkuntza eskubideak zapalduta ikusten. Gaur badakit oposizioetan ere horretarako bidea dagoela. Bide zabal, luze eta nekagarria.
Lau azterketa egin behar izan ditut guztira, eta aurreko astean iritsi zitzaidan nire bizitzako lehen OPEko azterketa egiteko eguna. Urduritasun handirik ez, probatzera joan naiz-eta. Argibideetan adierazitako gelan sartu nintzen. Azterketa euskaraz egin zuen azterketari bakarra, ni. Militantzia ilaraz osatutako gune huts eta erraldoi batean. Gune oso bat eta ni. Lotsa eta harrotasuna borrokan sentitu nituen nire barnean, horrela izan beharko ez lukeenean. Izan ere, askoz naturalagoa zait azterketa euskaraz egitea, gaztelaniaz baino.
Eta azterketak? Nolakoak izan dira bi aste hauetako azterketak? Bada, azterketak, besterik gabe. Baina euskaldunontzako piper eta gatz puntutxoa jarri diete: akatsak eta itzuli gabeko gaztelaniazko hitz batzuk. Eta azterketa egin bitartean jaso ditugun oharrak eta jarraibideak bi eletan jaso ditugu. Beno, egiari zor, gaztelaniaz eta euskaraz jaso duguna ez da gauza bera izan. Ematen duenez, mikroaren atzean zegoen hautaketa eta garapen zerbitzuburuaren esku geratzen da zer esan batean zein bestean. Bozgorailuetatik entzun dugu "asistencia" orria behar bagenuen, arduradunei eskatzeko eta "70 minutu falta dira. Quedan sesenta minutos", besteak beste. Aurpegi arraroak ikusi nituen azterketari eta azterketa zaintzaileen artean. Momentuan harritu eta haserretu arren, ez nuen kexarik jarri nahi izan.
Euskaldunok horrelakoak jasatera ohituta gaude eta oso astunak omen gara horrelako kontuekin. Gaur laugarren eta azken azterketa egin dut (argibide eta kontrolerako agentea) eta oraingoan ezin izan diot eutsi. Ez da nekea izan, ez da kontu beraren errepikapena izan. Laugarrenean zaplasteko ederra jaso dugu nik eta azterketa euskaraz egiteko eskubideak. Zer gertatuko litzateke azterketaren gaztelaniazko aleak 33 errata, hiru akats sintaktiko eta zentzurik gabeko bost esaldi edukiko balitu? Zer gertatuko litzateke gaztelaniazko azterketan Derrigorrezkoa da paperezko argazki bat eramatea, haragi-tamainakoa (fotografía tamaño carné), atezaindegietako sareak berritzea (reponer redes de porterías), edo zentroko informazio eta kontrol agenteak zentroaren kontrol-errondan […] aldagelako txorrota batek ura darigula ikusi duela jarriko balu? Ez al zegoen inor azterketa hori irakurtzeko, azterketarien eskuetan jarri baino lehen? Bada, bai. Badago hori egiteko beharra eta badago hori egiteko soldatapean dauden profesionalak. Badugu azterketa baldintza beretan egiteko eskubidea. Edo izan beharko genuke, behintzat.
Egia esango dut. Erasotua sentitu naiz, amorruak janda. Europa jauregitik atera naiz malkoak begietan. Laguna dudan bertako langile batek gizarte etxeetako zerbitzuburuarekin hitz egiteko esan dit, bertan zegoen-eta. Beregana hurbildu naiz eta esateko nuena entzun dit, oso adikor, baita kexa bat jartzeko aholkatu ere. Bada, nik ez dut kexa huts bat jarri nahi. Gasteizko eta Euskal Herriko gizarteak nolako Udala dugun eta euskaldunak nola zigortzen gaituen jakitea nahi dut. Lotsagarria eta salagarria. Ez dadila kexa soila izan. Ez dadila berriro gertatu.
Amagoia Gordobil.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.