Iritzia

Deportivo Alaves, 25 urte ostean, berdin jarraitzen dugu

Erabiltzailearen aurpegia Markel Elortza 2026ko maiatzaren 20a

Argazkia: ALAVES

"Bada azken 25 urteotan ia batere aldatu ez den arlo bat: zuzendaritzak euskararekiko erakutsi duen jarrera"

Maiatzaren 16an 25 urte bete dira Alavesek Europa osoa bere jokoarekin liluratu zuenetik. Finala galdu arren, partidak iraun zituen 116 minutuetan taldeak estu hartu zuen Liverpool, eta garaipena oso gertu izan zuen.

25 urte hauetan Alavesek denetarik bizi izan du: UEFAko finala jokatzetik Bigarren B Mailan aritzera igaro zen taldea. 2013an Bigarren Mailara igotzea lortu zuen, eta 2016tik aurrera Lehen Mailan egon da ia etengabe, 2022-23 denboraldian izan ezik.

Hala ere, bada azken 25 urteotan ia batere aldatu ez den arlo bat: zuzendaritzak euskararekiko erakutsi duen jarrera. Sare sozialetako euskarazko eta gaztelaniazko kontuak alderatzea besterik ez dago egoera honetaz jabetzeko. Finalaren urteurrenaren inguruko eduki gehienak gaztelania hutsean argitaratu dira.

Azken bi jardunaldietan Alavesek Lehen Mailan jarraitzeko borrokatuko du. Euskarari dagokionez, ordea, hirugarren mailan jarraitzen dugu, eta zaleok egoera hau alda dadin borrokan jarraitu beharra dugu. Horretan ari da Gurea Da, akziodun txikien elkartea. Zorionak euskararen alde egiten ari diren lanagatik!

Haiek dioten moduan: “Alaves, horrela maite zaitugu: euskalduna eta urdin-txuria”.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago