Gaur amaren etxera bidean alderdikide batek, 17:10ean, mezu bat bidali dit: "Garaiko hil da". Amarenera heldu bezain pronto esan diot: "Ama, Garaikoetxea zendu da", eta bihotzetik atera zaidan lehendabiziko gauza izan da "eskerrak aitite eta amuma ez dauden jada gurekin, izugarrizko disgustoa hartuko zuten eta". Gure etxean, eta bereziki nire nafar familiarentzat Carlos erreferente bat zen, gogoan dut amumak nola harrotasun biziz esaten zuen: "Izan dugun benetako lehendakari bakarra: nafarra!". Beraientzat, abertzale gisa, EAEko lehendakaria nafarra izatea ohore bat zen, baina baita urteetan ukatu zitzaien nortasunaren adierazlea ere.
Nafarra zen bai, baina guztiaren gainetik euskal herritarra, benetako abertzalea eta euskaltzale amorratua. Diktaduraren osteko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehen lehendakaria, egungo instituziogintza modernoaren oinarriak jarri zituena. Oztopo guztien gainetik, gure aberriaren defendatzailea, ez zuena inoiz alboratu zazpi lurraldez osatutako herri baten eraikuntza nazionala zein soziala. Asko da utzitakoa eta asko dago oraindik egiteko, baina zure konpromisoari jarraiki segituko dugu lanean.
Eskerrik asko bihotzez egindako guztiagatik. Egun handira arte, Lehendakari!
Agur eta ohore.
Estitxu Iturrate, EH Bilduko batzarkidea.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.