Palestinako Lurraren Eguna, lege berri baten itzalean

Erabiltzailearen aurpegia Markel Elortza Exea 2026ko apirilaren 1a

Argazkia: ALEA

"Azken urtean bakarrik ehun preso palestinar baino gehiago hil dira Israelgo espetxeetan. Atzoko erabakiarekin egoera hori legeztatzeko urratsa eman da. Zein izango da hurrengoa?"

Atzo, martxoak 30, Palestinako Lurraren Eguna ospatu genuen Euskal Herriko hainbat txokotan. Palestinako herriari elkartasuna adierazteko, olibondoak landatu genituen; izan ere, landare hau palestinarren ikur nagusietako bat da, iraunkortasunaren, erresistentziaren eta sumud edo erresilientziaren adierazle.

Baina zergatik ospatzen da egun hau?

1976ko martxoaren 30ean, Israelgo gobernuak Galilean palestinar nekazarien lurrak desjabetzeko plana abiatu zuen. Horri erantzunez, palestinarrek Greba Orokorra deitu zuten. Erantzuna bortitza izan zen: sei hildako, ehunka zauritu eta atxilotu. Ordutik, egun hau Palestinako erresistentziaren mugarri bihurtu da.

2026ko martxoaren 30a, ordea, beste arrazoi batengatik pasako da historiara, tamalez.

Egun berean, Israelgo parlamentuak, Knessetak, palestinar presoen aurkako heriotza zigorra ezartzeko legea onartu zuen: 62 boto alde, 48 kontra eta abstentzio batekin. Testuinguru honetan, inongo zalantza barik baieztatu dezakegu beste behin, Israel apartheid estatu bat dela; izan ere, palestinarrek diskriminazio sistematikoa pairatzen dute, bai Israelen barruan bizi direnek, baita lurralde okupatuetan daudenek ere.

Onartutako lege berriak bereziki agerian uzten du diskriminazio hori: heriotza zigorra palestinarrei aplikatu ahal izango zaie, baina ez juduei. Nola da posible ezberdintasun hau aplikatzea? Palestinarrak tribunal militarren bidez epaitu daitezkeelako, juduak, jurisdikzio zibilaren menpe dauden bitartean.

Horrela, Itamar Ben Gvir buru duen sektoreak bultzatutako lege honen bidez, palestinarrei heriotza zigorra ezarri ahal izango zaie, urkaren bidez. Gainera, ez da salbuespenezko neurri bat izango: tribunal militarretan lehenetsitako zigorra bihurtu baita. Legea Israelen barruan bizi diren palestinarrei zein lurralde okupatuetan bizi direnei aplikatu ahal izango zaie. Are gehiago, akusatuek ez dute apelazio eskubiderik izango, eta "terrorismoa" bezalako kategoria zabal eta anbiguoen pean ezarri ahal izango da zigorra.

Palestinaren kolonizazio prozesua XIX. mendearen amaieran hasi zen, eta Israelen sorreratik palestinarren aurkako indarkeria etengabea izan da. Urte honetan ikusi dugu nola Israelek Zisjordaniako kolonizazioa legeztatu duen beste lege baten bidez.

Azken urtean bakarrik ehun preso palestinar baino gehiago hil dira Israelgo espetxeetan. Atzoko erabakiarekin egoera hori legeztatzeko urratsa eman da.

Zein izango da hurrengoa?

Israel ez da geldituko bere plana gauzatu arte. Ezin gara isilik egon bidegabekeria honen aurrean: altxa ditzagun gure ahotsak eta jarrai dezagun elkartasuna ereiten.

Markel Elortza.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago