iritzia

Ebaluazio Diagnostikoa: norentzat da benetan?

Erabiltzailearen aurpegia Dani Zuazagoitia 2026ko martxoaren 6a

Legutioko eskolako bi ikasle. Argazkia: Legutioko eskola

"Ikasle indibidualaren benetako diagnostikoa beste leku batean gertatzen da: ikasgelan, eguneroko lanetan, irakasleen behaketan eta ikasleari ematen zaion feedback zehatzean".

Aurten ere etxera iritsi da Ebaluazio Diagnostikoaren txostena. Gure seme-alaba hiru mailetako batean ageri da: hasierakoa, erdikoa edo aurreratua, hizkuntzan eta matematiketan. Eta kito. Txostena irakurri ondoren galdera bera datorkit burura: zer egin behar dugu etxean informazio honekin? Are gehiago kontuan hartuta proba hori orain dela urtebete egin zutela, gaur egungo egoeratik oso bestelako baldintzetan.

Kontrastea deigarria da. Ebaluazio bera oinarri hartuta, ISEI-IVEIk txosten exekutibo publiko bat ere argitaratzen du. Dokumentu horrek analisi sofistikatuak eskaintzen ditu: ikastetxeen emaitzak testuinguru sozioekonomikoaren arabera aztertzen ditu (ISEK), jatorri migratzailearen arrakalak neurtzen ditu, sare eta hizkuntza ereduen arteko aldeak ikusten ditu, eta baita ikastetxeen “balio erantsia” ere -hau da, ikasleen testuingurua kontuan hartuta zentro batek benetan zer ekarpen egiten duen-. Horiek dira, zalantzarik gabe, hezkuntza politikarako datu baliotsuak.

Baina aberastasun analitiko hori familietara iristean sinplifikazio zorrotz batean bihurtzen da: hiru maila eta azalpen gutxi. Ez testuingururik, ez orientazio praktikorik. Eta, batez ere, ez erantzunik hasierako galderari: zer egin dezakegu guk informazio honekin?

Hezkuntza ebaluazioaren arloan erreferente diren adituek aspaldi ohartarazi dute. Dylan Wiliam edo Education Endowment Foundation bezalako erakundeek diotenez, eskala handiko probek balio handia dute sistema ulertzeko: joerak ikusteko, desberdintasunak identifikatzeko edo politikak doitzeko. Baina ikasle indibidualaren benetako diagnostikoa beste leku batean gertatzen da: ikasgelan, eguneroko lanetan, irakasleen behaketan eta ikasleari ematen zaion feedback zehatzean. Horri deitzen zaio ebaluazio formatiboa: ikasteko balio duen ebaluazioa.

Ikasturte amaieran iristen den etiketa batek, bere horretan, zaila du hurrengo egunean zerbait aldatzea.

Horrek ez du esan nahi Ebaluazio Diagnostikoa alferrikakoa denik. Aitzitik: tresna baliotsua da sistema mailan, hezkuntza politika informatzeko. Baina orduan agian zintzoagoa litzateke hala aurkeztea. Izan ere, gaur egun familiek jasotzen dugun txostenak parte hartzearen itxura ematen du, baina orientazio gutxi eskaintzen du.

Eta horregatik itzultzen naiz hasierako galderara. Ebaluazio honek sistema hobeto ulertzeko balio badu, baina familiei apenas laguntzen badie, zergatik jarraitzen dugu diagnostiko pertsonal baten moduan aurkezten? Noiz bihurtuko da Ebaluazio Diagnostikoa familientzat benetako informazio tresna, eta ez soilik sistemarentzat datu iturri?

Dani Zuazagoitia - EHUko irakaslea/ikertzailea, LH5ko ikasle baten aita

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago