Azpikontratatutako udal zerbitzuetako lan gatazkak orokortuak dauden testuinguru batean, Amvisako bezeroen arretaren publifikazioa udalaren externalizazio eredua aldatzeko lehenengo urrats gisa ulertu daiteke. Gutxienez, horrela iragarri dute EAJk, PSEk eta Bilduk "izaera publikoa indartzeko", "kalitatezko enpleguarekin konpromisoa" edo "%100ean publikoa den Amvisa"-ri buruz hitz egin dutenean. Hala ere, eta beste behin, politikoen diskurtsoak eta zerbitzu hau eskaintzen zuten azpikontratatutako langileen errealitatea guztiz ezberdinak dira: prentsaren bidez izan zuten haien kaleratzearen berri, haien lanposturako sarrera ukatu zitzaien eta ez dute inolako kalte ordainik jasoko haien kaleratzeagatik.
EAJk, PSEk eta Bilduk kaleratzeak justifikatzera behartuta ikusi dute haien burua, munizipalizazioaren alde onak azpimarratuz eta "publifikazioa" bere horretan positiboa dela ulertzen duen sen onaz baliatuz. Hala ere, sei langileen kaleratzeak sen on hori zalantzan jartzera behartzen gaitu. Laneko Autodefentsa Saretik uste dugu kudeaketa ereduaren eztabaida partidistaren aurrean, soilik langileon interesen abiapuntutik baloratu ahalko dugu publifikazioak lan baldintzak hobetzeko balio duen eta zein izan behar den gure posizionamendua prozesu hauekiko.
Akordioa testuinguratzearren, publifikazioaren oinarrian bezeroen arreta arautzen duen lege berria aurkitzen da, zeinak arreta zerbitzuaren kalitatea hobetzera behartzen dituen ur horniketa enpresak, beste batzuen artean. Lege horrek suposatzen duen berregituraketa aurrera eramateko baloratzen ziren aukeretatik "baliabide propioekin kudeaketa bere alde estrategikoenean indartzeko eta estrategikoa ez den alde horretan kudeaketa kontratatuta mantentzeko" apustua egin da. Hau da, aurrez aurreko arreta internalizatu, arreta telefonikoa azpikontratatua mantendu eta arreta birtuala externalizatu (orain arte kudeaketa zuzenekoa zena).
Bide horretatik, "alde estrategikoena" azpikontratatua jarraitzearen arrisku nagusia lan gatazketan aurkitzen dela adierazi dute bai txostenetan bai politikarien diskurtsoetan. Gogora dezagun iaz lau hilabetetako greba egin zutela langileek eta, horrez gain, hiru langileren salaketak martxan daudela Amvisaren aurka legez kanpoko lagatzea dela medio, horietako batek lehenengo epaia bere alde izanda. Epai hauek irmoak baldin badira, udalak lan baldintzak prekarizatzeko pantaila ilegal bat erabili izana zigortuko litzateke eta langileak zuzenean kontratatu beharko lituzke. Horregatik ezin da aurrez aurreko arreta azpikontratatuta mantendu: lege berriak kontrol gehiago eskatzen du eta kontrol hori ezin da areagotu kanpoko enpresa baten bitartez legez kanpoko lagatzean jausi gabe.
Baina zergatik ez da azpikontratatutako plantillaren subrogazioa ematen langileak grebaren bitartez subrogazio eskubidea lortu bazuten? Amvisak argudiatzen duenez ez dauka horrelako betebeharrik langileak enpresa publiko batera pasako direlako. Alderdi politikoak harago doaz eta haien burua justifikatu dute, txosten juridikoek subrogazioa baimentzen ez dutela esanez. Argudio legalista hauek alde batera uzten dute subrogazioa behartzen duen bestelako jurisprudentzia. Kasualitatez, azken aste hauetan aitzakia hauek zalantzan jartzen dituen antzeko egoera bat ikusi dugu Tolosa eta Elgoibarko anbulantzia medikalizatuetan, langileak kaleratzearen arriskuan zeuden zerbitzuaren publifikazioaren ondorioz ere. Azkenean, langileek Osakidetza behartu dute plantilla guztiaren subrogazioa baldintza berdinetan gauzatzera presio sindikalari esker. Honek agerian uzten du argudio tekniko horien atzetik izaera politikoa duen erabakia dagoela eta aldatu ahal dela.
Amvisako gatazkan Udalak berriz ere erakutsi du azpikontratatutako langileekiko duen jarrera despotiko eta axolagabea. EAJk eta PSEk behin baino gehiagotan jarrera hori mantendu badute ere eraginkortasunaren eta erantzukizunaren aitzakiapean, Bilduren diskurtsoa bestelako izan da orain arte. Horregatik bere burua defendatu behar izan du, publikoaren alde onak azpimarratuz eta subrogazioaren ezintasuna justifikatuz, "asmatu eta alde batera utzi ezin ditugun txosten juridikoak" aitzakia hartuta. Horrela, agerian uzten du azpikontratatutako langileen interesen defentsa haien interes elektoralen menpe dagoela eta ez duela zalantzarik izango langileen interesak saltzeko, instituzioen kudeatzaile eta publikoaren defendatzaile gisa agertzeagatik ateratzen duen etekina handiagoa baldin bada.
Laburbilduz, Amvisako arreta zerbitzuaren publifikazioa instituzioen kudeaketaren eta interes alderdikoien irizpideen bitartez hartutako erabakia izan da. Nahiz eta publikoarekiko eta kalitatezko enpleguarekiko konpromiso gisa saldu duten, akordioa langileen borrokaren aurkako eraso ezkutua da. Greba eskubidea urratzeagatik epaiketa baten zain egonda, udalak langileen borroka zigortzen du hauek kaleratuz. Eta horretaz gain, kaleratzeen eta berregituraketaren bitartez, azpikontratatuta jarraituko duen zerbitzuan grebari esker lortutako baldintzak eta eskubideak mantentzea oztopatzen du. Hau da, bost lanpostu publikoen sorrerak azpikontratatutako langileen erabateko babesgabetasuna suposatzen du.
Kasu honek agerian uzten du publifikazioa bere horretan ez dela inondik inora langileon ongizatearen bermea, are gutxiago baldintza prekarioenak dituztenentzako. Horregatik, dekretu bidez eta interes elektoralei erantzuten dieten berregituraketen aurrean, soilik langileon antolakuntza eta borroka dira lanpostuak eta lortutako eskubideak mantentzeko bermea. Zentzu horretan, kaleratutako langileei gure elkartasun eta babes osoa adierazten diegu eta enpresari eta politikarien erasoei erantzuteko antolakuntzaren eta borrokaren beharrean berresten gara.
Iñigo Echavarri, Laneko Autodefentsa Sarea.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.