2025. urte amaitu berrian, gaurko euskal lurraldeen izenekin lotutako bi milurteko bete ziren. Izan ere, 1025ean agertu zen, lehenengo aldiz, Ipuscua izena Aragoiko San Juan de la Peñako monastegiko agiri batean. Eta urte berean, gaurko Errioxako (orduan, Naiara) Donemiliagako Goldea delakoan, Arabako hainbat herriren izenak lehenengo aldiz aipatuak izan ziren idatzi batean, hala nola Gastehiz, Adurzaha edo Hagurahin. Hau dela eta, hainbat ekitaldi ospatu ziren urtean zehar, bi milurte hauek oroitzeko. Eskertzekoa da oroimen ariketa hori, baina… nola kontatu zaigu?
Gipuzkoan, gertakizun hau oroitzeko erakusketa bat antolatu zuten urtearen lehen seihilekoan, Donostiako San Telmo museoan. Erakusketa horretan, 1025eko agiriaren testuingurua azaltzeko, "lurralde lausoa", "mugatu gabeko lurraldea" edo lurralde horretako haranak "erregeek errentak biltzeko […] banaketa administratiboak" zirela esaten zen. Mapetan ere gaurko Gipuzkoaren mapa bat erabiltzen zen.
Baina… lurralde hori, non zegoen? Gune independentea al zen? Zergatik agertzen da Aragoiko agiri batean? Zein erregek biltzen zituen errenta horiek? Behin bakarrik aipatzen da "Iruñeko Antso III. a Nagusiaren erregealdian" izan zela… baina ez da besterik azaltzen. Ondorengo ekitaldi batzuetan, zorionez, Nafarroari aipamenen bat egin zitzaion, baina nahiko modu soltean.
Jauzi egin dezagun Arabara. Bertan, erakusketa ibiltari bat eta liburuxka bat egin ziren udazkenean, "De ferro de Alaua" izenburuarekin. XI. mendeko Araba deskribatzeko, lurralde hori "Ekialderantz, Nafarroaraino iristen zen [zela]" esaten da: ez omen zegoen, beraz, Nafarroaren barruan. "Herri sare trinko bat" zela esaten da, baina beste behin ere, ez da besterik aipatzen. Hau ere lurralde independentea al zen? Zergatik agertu zen gaurko Errioxako monastegi batean? Gero "Iruñeko erregeak […] Arabako lurraldean nagusitasuna sendotzen saiatu ziren [zirela]" eta "Iberiar penintsulako erresuma kristauen sendotze eta hedatze prozesuan […] funtsezko eginkizuna izan zuten [zutela] San Juan de la Peña […] Donemiliaga bezalako monasterioek" esaten da. Dena oso orokorra, eta Iruñea-Nafarroa ia-ia aipatu gabe.
Amaitzeko, Arabako ALEA aldizkarian irailaren 12an agertutako "Gastehiz, 1025: izan zirelako…" artikuluan "garaiko monasterio garrantzitsu guztiak Errioxan zeuden [zeudela], Euskadin ez zegoen bat bera ere" aipatzen da. Iruñea-Nafarroaren aipamen bakar bat ere ez artikulu luze osoan, baina bai gaurko EAE-Euskadi nahiz Errioxarena. Harrigarria.
Inork ulertuko al luke Ponpeiara joatea eta Erromatar Inperioaren aipamen bakar bat ere ez entzutea? Edo Gizako Piramideak ikustera joatea, eta Egiptoko Faraioak ia aipatu ere ez egitea? Ba horixe bera da gurean egiten dena, inolako harridurarik gabe: testuinguruaren desitxuratzea, subjektu historikoa ezkutatzeko.
Izan ere, ezin dira bi aipamen horiek ulertu Iruñeko/Nafarroako Erresuma aintzat hartu gabe. Horixe baita haien testuingurua: Errioxa, Euskadi… ez ziren existitzen, eta Araba, Gipuzkoa, Aragoi… ez ziren gaurko lurralde historikoak, Iruñeko Erresumaren barruko eskualdeak baizik, hortaz haien arteko lotura. Orduko "Iruñea" edo "Nafarroa" ere ez zen gaurko Nafarroako Foru Komunitatea. Ez da kasualitatea Antso "Nagusia" bere erresuma zabala antolatzen ari zen garaian aipamen hauek denak batera agertzea.
Gogoratu behar da garai berean ere Lapurdi eta Zuberoako bizkonderrien lehenengo aipamenak agertzen direla, Antso "Nagusia" eta Baskoniako konderriaren (gure historiatik ezabatutako beste protagonista bat…) arteko harremanen ondorioz. Baina, beste behin ere, gure batasun historikoa aldarrikatu ordez, gure zatiketa ospatzen dugu.
Eta zergatik egiten da hori? Kazetari edo jende xehearen aldetik, ezjakintasunagatik, ziurenik. Erakundeen eta unibertsitateen aldetik, aldiz… norberak bere hausnarketa egin dezala. Dena dela ere, zientziaren ikuspuntutik, onartezina da presentismotik eta lurralde historikoen betikotasuna bezalako mitoetatik gure historia azaltzea.
Euskalgintzak hari oker horri hain erraz eta hertsiki jarraitzeak ere zer pentsatu ematen du: hizkuntza bat ez da soilik gramatika bat, geure buruaren ikuskera bat, marko mental bat ere izan behar du.
Milan Kundera pentsalari txekiarrak aipatzen zuen bezala, "nazioak akabatzeko, beste ezer baino lehenago, memoria kendu egiten zaie […] eta beste historia bat asmatu". Memorizidioa da konkista eta asimilazio prozesu guztietako azken urratsa. Eta horretan gaude…
Nafarroa gure memoria da, gure duintasunaren eta etorkizunaren jabe izateko ezinbesteko protagonista. Ez dezagun ahaztu.
Iñigo Larramendi
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.