Errotonda, bidegurutzea, moteltzea, etena, minbizia… Azken urteetan hitz sorta hori guztia erabili da euskararen etorkizunak sorturiko kezka adierazteko. Izan ere, datuek, ikerketek eta aurreikuspenek normalizazio eta biziberritze prozesuan atzera egiteko arriskua handia dela agerrarazi dute.
Hau aintzat harturik, euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan gaudela adierazi genuen Euskalgintzaren Kontseilua osatzen dugun eragileok orain urtebete. Mundu aldrebestu honetan ugaritu zaizkigun krisi sistemikoen parte da hizkuntza larrialdia, globalizazioaren muturreko aldaera honek eta bizitzaren digitalizazioak eremu guztietan egiten baitu indartsua indartsuago eta zaurgarria zaurgarriago; hizkuntzen auzian, hizkuntza nagusiak nagusiago eta minorizatuak oraindik eta ahulago.
Hala ere, azpimarratu genuen larrialdian gaudela adieraztea ez dela etsitzeko dei bat; aitzitik, euskarari pizkunde berri bat emateko lehen argi-izpia ekartzea dela. Itxaropenaren txinparta piztekoa.
"Euskararen etorkizuna jokoan dago, eta berriro ere euskaltzaletasuna lehen lerrora ekartzeko unea da"
Baina itxaropena ez da zain egotea. Itxaropena egitea da. Ezinbestekoa da, euskara kinka larrian izan den beste momentu batzuetan bezala, berriro ere euskaltzaletasunaren giharra indartzea. Izan ditugu lehenago ere larrialdi gorriko uneak, eta aldi bakoitzean milaka euskaltzaleren bulkada, erabaki eta ekimenetik etorri dira pizkundeak; une kritikoetan elkarrekin aritzeko eta egiteko izan dugun gaitasunetik.
Eta, jakina, euskaltzaletasuna itxaropena ez ezik, mundua ikusteko modu bat da: hizkuntza-supremazismoaren kontrako jarrera bat, hizkuntza berdintasunaren aldekoa. Azken batean, justiziarekin, berdintasunarekin eta askatasunarekin sakonki lotzen den ikuspegi bat. Arestian aipatu dugu mundua hizkuntza minorizatuen kontra datorrela, baina guk euskara dugu munduaren alde.
Euskararen etorkizuna jokoan dago, eta berriro ere euskaltzaletasuna lehen lerrora ekartzeko unea da. Eguneroko milaka ekintza eta keinuren bidez, baina ahaztu gabe euskararen biziberritzeak ezinbesteko dituela erabaki politikoak; jauzi bat behar dela euskararen aldeko politika publikoetan egungo erronkei aurre egiteko.
Guztion esku dago horretan eragitea. Abenduaren 27an Bilbao Arenan milaka euskaltzale batzeko erronka dugu aurretik. Isiotu dezagun Pizkunde berri baten lehen txinparta.
Euskaltzaleon garaia da!
Idurre Eskisabel, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia.
Ehundik gora euskaltzale ezagunek bat egin dute iritzi artikuluarekin.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.