iritzia

Euskaltel Fundazioak eta Eusko Legebiltzarrak antolatu duten 'Haurrak eta nerabeak aro digitalean' jardunaldien inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Hezkuntzartea, Hezkuntzan librezale, Agora elkartea eta Altxa burua 2025eko azaroaren 20a

"Nola gonbidatu dezake administrazio publikoak gure herrian 400.000 ikasle eta irakasleren datu urraketa burutu duen konpainia bat haurren babesari buruzko foro batean parte hartzera?"

Euskaltel Fundazioak eta Eusko Legebiltzarrak antolatu duten Haurrak eta nerabeak aro digitalean jardunaldiak, haur eta nerabeak babesteko aitzakiarekin aurkeztu denak, gure kezka sakona eragin du. Hausnarketarako eta eztabaidarako gune gisa aurkezten den ekimen honek beste behin agerian utzi du gure erakunde publikoen eta korporazio teknologiko handien arteko aliantza gero eta estuagoa.

Kezkagarria da egiaztatzea jardunaldi honetako gonbidatu eta protagonistak zein diren, eta zein agenda bultzatzen duten: Pantallas Amigas, EU Kids Online, AEVI (Bideojokoen Espainiako Elkartea) edo Unicef. "Erabilera arduratsuaren" diskurtsoa sostengatzen dute arduratsuak izaten ari ez diren teknologien produktuen inguruan baina, batetik, alde batera uzten dituzte haurren hiperkonektibitateak ekartzen dituen ondorio agerikoak, eta bestetik, korporazio teknologiko globalen digitalizazio eta negozio eredua sostengatzen dute.

Unicefek, adibidez, haurren aurkako ingurune digitalen eragin larriak etengabe azpimarratzen ditu —ziberjazarpena, antsietatea, eduki desegokietara esposizioa, edo baita pedofilia kasuak ere—, baina aldi berean, haurren "konektatzeko eskubidea" aldarrikatzen du. Nola defenda daiteke kaltea eragiten duela onartzen den espazio berean egoteko ustezko eskubide bat? Zaila gertatzen da, ez bada kontuan hartzen Unicef Espainiako Orange telekomunikazio erraldoiarekin duen akordioa eta Orangek berak Euskaltel (ekitaldiaren antolatzaile dena) eskuratu duela: orduan dena bat dator.

Baina bereziki mingarria egiten da nor eta Google ikustea "Industria eta erantzukizuna: nork babesten ditu adingabeak Interneten?" izeneko mahai-inguruan hizlari gisa. Ezagunak dira konpainiaren praktika estraktibistak eta pribatutasunaren urraketak, gurasoen baimenik (eta, askotan, ezagutzarik) gabe, adibidez, 170 milioi dolar ordaindu behar izan zituen 2019an haurren datu pribatutasuna larriki urratzeagatik.

Baina berriki adibide gehiago ditugu. 2024ko otsailean Espainiako Datuen Babeserako Agentziak (AEPD) Google Workspace for Education hezkuntza zentroetan txertatzen zuten hitzarmenak ez onartzeko gomendio zorrotza egin zuen. Honez gain, urte bereko maiatzean, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak (DBEB) Eusko Jaurlaritza formalki ohartarazi zuen Hezkuntza Sailak zerbitzu horiek hezkuntza zentroetan erabiltzeko Googlekin duen hitzarmenean hiru arau hauste larri egiteagatik: gardentasun eza, inpaktu ebaluazioa ez betetzea eta Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorrak (DBEO/RGPD) ezartzen dituen leialtasun eta zilegitasun printzipioak urratzea. Hitzarmen hau indarrean da gaur, oraindik.

"Eragile hauek proposatzen duten gailuen erabilerak ez ditu 2/2024 Haur eta Nerabeen Legean jasotako eskubideak errespetatzen"

Horrelako ibilbide bat duen multinazional batek "adingabeen babesari" buruzko eztabaida batean parte hartzea —Eusko Legebiltzarrak gonbidatuta, gainera— onartezina eta lotsagarria da. Nola gonbidatu dezake administrazio publikoak gure herrian 400.000 ikasle eta irakasleren datu urraketa burutu duen konpainia bat, horrelako ekintzengatik sarri eta hainbat eremutan zigortua izan dena, "haurren babesari" buruzko foro batean parte hartzera?

Eragile hauek haur eta nerabeentzat proposatzen duten gailuen erabilerak, bai eskola eremuan zein hartatik kanpo, ez ditu 2/2024 Haur eta Nerabeen Legean jasotako eskubideak errespetatzen, eta lege horrek jasotzen dituen haur-nerabearen interes gorena eta ingurune segurua ez daude ziurtatuta.

Gainera, Legebiltzarrak jardunaldi hau antolatzen du 17/2023 Hezkuntza Legearen testuinguruan. Norabide argia markatzen duen legea da, hezkuntza esparruan teknologia digitalak erabiltzeari dagokionean: euskarazko ingurune digitalaren eta garapen ekonomiko eta teknologiko lokalaren alde urratsak emango dituena eta, zehazki, "digitalizazio etikoa eta arduratsua" printzipiotzat ezartzen duena, "pertsonen aukera berdintasuna, pribatutasunerako duten eskubidea eta ahalduntze digitala bermatuz, zeina, ezinbestean, bitarteko teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak erabiliz soilik lortu baitaiteke, eta tresna digitalen integrazio pedagogikorako esparru batean oinarrituta egin beharko baita".

Behin eta berriro ikusi ditugu legean jasotako printzipioen aurkako erabaki instituzionalak, bereziki teknologia digitalak hezkuntza arloan erabiltzearekin lotutakoak.

Hezkuntza Legean jasotako printzipioen aurkako beste ekintza bat da jardunaldi hau, hezkuntza komunitatearen ordezkaritza errealik ez duena, ezta osasun arloko aditurik ere. Sektore teknologikoa bai, badago, eta gainordezkatuta, gainera. Aldi berean, jardunaldiaren egitarauan inolako aipamenik gabe geratzen dira eskoletan eta hezkuntza inguruneetan auditagarria, berrerabilgarria, librea eta gardena ez den softwarea erabiltzeak dakartzan kalteak: datu pertsonalen transferentzia masiboa atzerriko korporazio komertzialetara, euskararen bazterketa, benetako ikuskaritza egitea ezinezkoa izatea, besteak beste.

Sakonki kezkagarria da Eusko Jaurlaritza ezaugarri hauek dituzten enpresa teknologiko handiekin lerrokatzea, haien jarduera komertziala zuritzen lagunduz eta industriaren interesak hezkuntza-komunitatearen, eta azken finean haur eta nerabeen, benetako behar eta eskubide errealen gainetik jarriz.

Hezkuntzartea, Hezkuntzan librezale, Agora elkartea eta Altxa Burua taldeetatik adierazten dugu:

  • Hezkuntzaren digitalizazioari buruzko eztabaidak beharrezkoak dira: pluralak, gardenak eta benetakoak izan behar dute, interes-gatazka orotatik libre, Hezkuntza Legeak eta Haur eta Nerabeen Legeak jasotzen dituen printzipioak betearazi eta garatzera bideratuta.

  • Hezkuntza-komunitate osoak bertan ahotsa eta protagonismoa izan behar ditu, eta baita hezkuntza- zein osasun-arloko adituek ere.

  • Euskal Hezkuntza Legea osorik betetzea eskatzen dugu, baita ikasgeletatik Hezkuntza Legearen printzipioak betetzen ez dituzten elementuak kanporatzea (ikasle-irakasleen datuak ustiatzen dituzten eta auditatu ezin diren teknologiak, besteak beste) eta legearekin bat datorren teknologia bermatzea.

  • Etika eta haurtzaroaren babesa ez dira negoziatzen, ez interes komertzialen menpera jartzen.

"Euskal hezkuntzak hausnarketa behar du, ez propaganda. Etika behar du, ez marketina".

Bien bitartean, zaintzen dihardugu hala egiten dela eta salatzen jarraituko dugu Legebiltzarra korporazio teknologikoen zerbitzurako agente aktibo bilakatzen duen ekintza oro. Eusko Legebiltzarra, subiranotasun demokratikoko espazioa, ezin da bihurtu euskarazko ingurune digitalen eta tokiko ekonomia teknologikoaren garapenerako oztopo, ezta gure haurren pribatutasuna eta eskubide digitalak lotsagabe urratzen gehien lagundu duten korporazioen erakusleiho, gutxiago sustatzaile.

Euskal hezkuntzak hausnarketa behar du, ez propaganda. Etika behar du, ez marketina. Batez ere, ziurtasun bat behar du: Eusko Legebiltzarrak Euskal hezkuntza-komunitateko kideak (bereziki, kide zaurgarrienak) babestuko dituela, haien eskubideak eta beharrak zainduz eta bermatuz; eta inola ere ez dela bilakatuko haurren eta nerabeen eskubideen urraketen gainean haien negozioak eraikitzen dituzten multinazional teknologiko pribatuak legitimatzeko eta zuritzeko plataforma; are gutxiago, urraketa hori gauzatzen dutenei atea ireki eta alfonbra gorriz gonbidatuko dituena guztiona den etxera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago