Ikasturte berriarekin batera, Eusko Jaurlaritzak Eskola bikaina denontzat izeneko Mahaia abian jarri du, ustez, hezkuntza sistema inklusibo, ekitatibo eta kalitatezkoaren alde ekiteko.
Gogora datorkigu beste "prozesu parte hartzaile" bat, egungo Hezkuntza Legea aurrera ateratzeko zenbait eragile politikok bultzatu zutena. Ordukoa propaganda mugimendua izan zen sustatzaileen helburua berresteko. Prozesu sasi parte hartzaile hartan Eskola Publikoaren hezkuntza komunitateak egindako ekarpenak baztertu egin ziren.
Ostera ere Pedrosa sailburuaren hitz handiak herri-estrategiaz entzun ditugu. Zein herri? Auzoetako eskola publikoetan eskolaratzen direnena eta Unibertsitate Publikoan sartu nahi dutenena, edo funts publikoekin sostengatzen diren ikastetxeena, baina guztion eskura ez daudenena? Ez baita gauza bera konpromisoa batzuekin edo besteekin hartzea. Mahai horren aurreneko urratsa eskola segregazioari buruzko hasierako diagnostikoa aurkeztea izan da. Bertan argi-ilunak topatzen baditugu ere, azpimarratzekoa da apenas dagoela gure hezkuntza sistema dualaren inguruko aipamenik. Eskola Publikoaren "ugazabak" eskola publikoaren presentzia eskasa ez du atzeman, sistema osoaren %50a soilik izan arren.
Hasierako diagnostikoaren ondoren, hartu beharreko neurriez aritzen da Hezkuntza Saila bere txostenean. Azken hiru ikasturteotan, hezkuntza komunitatearekin adostu barik, aldebakarreko erabakiak hartu ditu Sailak, funtsean, zenbait ikasle zaurgarri ikastetxeetan banatzea, horrek eskola publikoan matrikulazioa ukatzea badakarkie ere. Neurri horrek ikasle horien eskubideak urratu ditu, eta, gainera, ez ditu gure eskolak gure auzoen eta herrien isla bihurtu, ezta gutxiago ere. Oreka bila joatekotan, mota guztiko ikasleak hartu behar ditugu kontuan.
Arazoaren muinari, eskola-segregazioa sortzen duen hezkuntza sistema dual honi, heldu ezean, ez dugu urratsik emango ikasle guztiontzat aukera berdintasuna bermatzen duen eskola sortzeko. Sarritan, Finlandiar hezkuntza sistema eredu moduan hartu da hainbat arrazoirengatik (irakasleen formakuntza…), baina ezaugarri nagusia ez da aipatzen: Hezkuntza sistemaren %97 publikoa da, gelan batera daude pobreak zein dirudunak, finlandiarrak zein migratzaileak. Zergatik ez da inolako urratsik ematen itunpeko ikastetxeen publifikazio mailakatuan?
Arazoaren muinari, eskola-segregazioa sortzen duen hezkuntza sistema dual honi, heldu ezean, ez dugu urratsik emango ikasle guztiontzat aukera berdintasuna bermatzen duen eskola sortzeko
Segregazioaren aurka eta euskararen alde lan egin behar du hezkuntza sistemak. D eredua, murgiltze sistema, alegia, orokortu behar da. Saioa Alkaizak 2021eko Nafarroako Bertsolari txapelketako txapela jantzi ostean abestutakoak ederto erakusten digu auzoetako eskola publikoen lana, euskara inklusiorako tresna izanik:
Besarkada bat langile auzoetako aldera/erdaldunen seme-alabok hor ikasi dugu euskera/eta mundu bat da jaso duguna horrekin batera…
50 urte joan dira Bilboko poeta handiak, Gabriel Arestik, utzi gintuenetik baina segregazio, zaurgarri hitzak entzundakoan burura datorkigu Zorrotzako portuan olerkian idatzitakoa, ezin hobeto islatu zuen gutxien dutenen egunerokoa.
"…Hemen euskaraz/ ta han erdaraz./ Okerbideak ezpaitaki mintzaerarik/ berdin tratatzen baitu/ erdalduna/ eta/ euskalduna", testuak ez du gaurkotasunik galdu. Euskara, wolofa, arabiera, ukraniera, gaztelania, portugesa… dugu ikasle askoren ama hizkuntza eskola publikoetan. Baina ikasle hauengan hezkuntza aukera berdintasun erreala sustatu nahi bada, eskola publikoa lehenetsi behar da ikasle hauen hezkuntza bidean "okerbiderik" ez izateko.
Segregazioak ekitate falta eragiten du gure ikastetxeetan eta gizarte desberdintasunak belaunaldiz belaunaldi erreproduzitzea dakar. Migrazioa ez da berria gure artean, euskaldunok migraziorako bidea hartu bezala, 1950. urtetik aurrera, industrializazio betean, jende asko etorri zen gure artera, Gabriel Arestik Barakaldoko Centro Galegon aurkeztutako poeman etorri datoz, joan doaz?/ez uka bertan euskarri,/ bertoko habian lotuko baitira jarrera argia azaltzen du etorri berriekiko, abegi ona, elkartasuna. Lehen eta orain harrera herria dugu gurea, baina aukera berdintasuna ezinbestekoa dugu inor ez uzteko bazterrean eta hori sistema publiko indartsuaren bitartez lortzen da. Osasun, zaintza… eta hezkuntza sistema publikoak indartu eta lehenetsi behar ditugu. Arestik amestutako justizia soziala lortzerako bidean, segregazioaren aurrean Eskola Publikoa da bidea.
Hitzordua dugu Arestiren hirian, Bilbon, azaroaren 29an, arratsaldeko 17:30ean Segregazioaren kontra, Eskola Publikoa da bidea.
Maribel Lopez de Luzuriaga eta Koldo Zabala,
Euskal Eskola Publikoaz Harro.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.