IRITZIA

Lore bat hazten da horman, etorkizuna izan nahi du, presente dago, memoria da

Erabiltzailearen aurpegia Lorezainak borrokan 2025eko azaroaren 10a

Argazkia: LOREZAINAK BORROKAN

Sei hilabete hauetan lankideon artean landare bat landu dugu, eta hainbat eragilek, auzo elkartek, enpresa batzordek eta sindikatuk ureztatzen lagundu digute.

Duela hilabete bat itzuli ginen lanera, sei hilabete baino gehiagoko greba mugagabearen ondoren. Grebaren jarraipena erabatekoa izan da, eta sei hilabete hauetan indartsuagoak egin ditugu gure arteko loturak. Gure helburuetan kohesionatuta, enpresa, udala eta Eusko Jaurlaritzaren higadurari aurre egin ahal izan diogu.

Erresistentzia honek soldata eta giza hobekuntzak dituen hitzarmen propioa eman digu. Baina lortutakoaz haratago, zalantzan jarri dira azpikontratatutako langileen prekarizazioa eragiten eta onartzen duten udalaren pribatizazio politikak. Horrela, askotan gutxietsia, baina azterketa eta prestakuntza eskatzen duen gure lanari, lorezaintzari, balioa ematea lortu dugu ere, herritarrak jabetuz Green Capital markaren atzean pertsonak daudela berdeguneak zaintzen eta mantentzen, aisialdirako, elkartzeko eta gure hiri fantastikoaren birika berdeak izaten jarrai dezaten.

Sei hilabete hauetan lankideon artean landare bat landu dugu, eta hainbat eragilek, auzo elkartek, enpresa batzordek eta sindikatuk ureztatzen lagundu digute. Jakina, gure aurreko belanaualdietatik landatzen ikasi dugu. Eredu zarete. Pentsionistak Aurrera!

Mugimendu Sozialistako militanteek arreta berezia jarri dute, egunez egun, lore bat eman duen plantula hori zaintzen egon baitira.

Landare hau asanbladetatik, piketeetatik, manifestazioetatik, agitazio eta propaganda mahaietatik elikatu da. Baina batez ere, greba batzordeak egindako lanetik eta delegatu ez duten eta landare hori loratzeko beharrezkoak izan diren kaleko zaintza ardurak haien gain hartu dituzten kideengatik.

Politika neoliberalek soldata miserableetara eta baldintza zitaletara kondenatzen gaituen mundu honetan, non politikariek inbertsio funtsen interesak defendatzen dituzten, greba eskubidea ahulduz doa. Lorea zapaltzen saiatu ziren, greba eskubidea urratuz, baina hain indartsu loratu zen, haien erasoei aurre egiteko gaitasuna izan zuela.

Orain, landarea errotu dela, guri dagokigu landare polit hori zaintzen jarraitzea "belar txarrek" aurkitu ez dezaten gure lorategia ongarritzeko erabili ditugun elikagaiak: erresistentzia, borroka eta konpromisoa. Eta horrela landarea loratzen eta hazten jarrai dezan.

Lore zoragarri hau harro eta eskertuta sentiarazten gaitu. Eta begiratzean gogorarazten digu dedikazioarekin, pazientziarekin eta ardurarekin gure bizitzak loratze etengabean dagoen lorategi batean bihurtu ahal ditugula. Lorezaintza etorkizunean sinesten dugula erakusteko modu bat da.

Baina ez diezaiogun tranparik egin gure buruari, ez da erraza landareak bizirik mantentzea, bidean petaloak erori egin dira: gaur gogoratu nahi ditugun kideak. Haien indar, konpromiso eta ausardiarik gabe, gure borroka ez zatekeen berdina izango.

Hemendik, besarkada handi bat bidali eta beti gure lorategiaren parte izango direla eta behar dutenarentzako hor egongo garela esan nahi diegu.

Gutun hau amaitzeko, Gasteizko rokodromoetako langileei eta Arabako erresidentzietako kideei indarrak eta animoak bidali nahi diegu; eta, Araban eta Euskal Herrian lan gatazka ezberdinetan murgilduta dauden langile guztiei ere. Lorategi honetatik klase elkartasuna eta elkar babesa landatzen jarraituko dugu, euskal herri langile indartsuago eta antolatuago bat lortzearen bidean. GORA LANGILEON BORROKA!

Lorezainak borrokan

Gutun hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago