Ryanairri laguntzarik ez!

Erabiltzailearen aurpegia Jauzi Ekosoziala 2025eko azaroaren 4a

Argazkia. RYANAIR

"Onartezina iruditzen zaigu klima larrialdi betean erakunde publikoek diruz laguntzea hegaldiak"

Azaroaren 1ean jarri zen martxan Ryanairren kontratu berria Forondako aireportuan hegaldiak egin ditzan. Enpresa irlandarrak 7,1 milioi euroko dirulaguntza jasoko du Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udalak finantzatzen duten VIA sozietatetik.

Jauzi Ekosoziala talde ekologistatik gogor salatu nahi dugu Ryanairrek jasoko dituen dirulaguntza hauek. Alde batetik, kontuan hartu behar dugu hegazkinez bidaiatzeak sortzen duen kutsadura. Hegazkina da bidaiatzeko dagoen era kutsakorrena, eta, beraz, bere erabileraren handitzeak berotegi efektuko gasen isuria handitzea dakar. Urtez urte handituz doaz sektore honen isuriak eta 1990etik bikoiztu egin dira, hau da, isuriak murriztu behar ditugun garaian, sektore honen ardurapekoak hazi eta hazi dabiltza. Gaur egun Europako Batasuneko isurien %5 ingururen ardura du sektore honek. Beraz, argi dago klima larrialdiari aurre egin nahi badiogu hegaldi kopurua murriztu behar dugula eta horregatik onartezina iruditzen zaigu klima larrialdi betean erakunde publikoek diruz laguntzea hegaldiak.

Gainera isuri hauen ardura oso desberdina da. Munduko biztanleen %80ak ez du inoiz hegazkinik hartu, eta urtero hegaldi bat hartzen dutenen kopurua ez da biztanleriaren %10era ailegatzen. Berez munduko biztanleriaren %1-ak eragiten ditu hegazkinen emisioen erdia, desberdintasun sozialak eta airezko garraioaren arteko lotura argi utziz. Finean diru laguntza honekin gehien dutenen bidaiak finantzatuko dira diru publikoarekin.

Bestalde kontuan hartu behar dugu EAEko hainbat hiri eta herri hasi direla dagoeneko gehiegizko turistifikazioaren ondorioak jasaten, bereziki honek etxebizitza eskubidean ipintzen dituen trabak.

Neurri honekin Eusko Jaurlaritza turistei bidaia merketzen dabiltza eta, beraz, gure hirietako gero eta etxe gehiago etxebizitza turistiko bihurtzea sustatzen du. Honegatik Jauzi Ekosozialetik dirulaguntza hau bertan behera gelditzea eskatzen dugu, eta diru hori Arabako garraio publikora bideratzea, Alavabus eta Lottu zerbitzuetara hain zuzen ere.

Jauzi Ekosoziala.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago