Iritzia

Bernedoko udalekuak aitzaki, transfobia eta faxismoa nonahi

Erabiltzailearen aurpegia EHGAM, Euskal Herriko Bilgune Feminista eta beste hainbat talde 2025eko urriaren 3a

Bernedoko udalekua. Argazkia: WIKIPEDIA

"Lintxamendu kanpaina eta eraso antolatu  hauek olatu  erreakzionario oso baten parte dira, ezker eskuin hedatzen ari dena".

Azken egunotan, eskuineko prentsan eta politikari ezagunen, norbanako askoren nahiz hainbat kontu anonimoren sare sozialetan, Bernedoko udalekuen inguruko gezurrak hedatzen dabiltza. Lintxamendu kanpaina oso bat abiarazi dute, matxismoa, transfobia, sentsazionalismoa, faxismoa eta arrazakeria inpunitate osoz zabalduz, han eta hemen.

Lehenik eta behin, gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu udalekuetako begiraleei eta bertako komunitateari, baita eraso zuzenak jasaten ari diren kideei ere. Ez zaituztegu bakarrik utziko!

Feminista transbaztertzaileek, oro har sektore erreakzionarioek eta eskuin muturrak Bernedoko udalekuetako dutxen eta komunen mistotasuna aitzakia gisa erabili dute egunero zapaltzen gaituen sistemaren makinaria modu esplizitu eta antolatuan martxan jartzeko. Mugimendu feminista eta LGTBIQ+ mugimendua eta mugimendu antiarrazista luzaroan borrokatu dira sexuaren eta biluztasunaren inguruan dagoen moralizazioaren eta puritanismoaren aurka, binarismoaren aurka eta heziketa transfeministaren alde. Borroka hauek guztiak indarkeria matxistari aurre egiteko bidea direla ulertzen baitu. Beraz, modu argian salatu nahi dugu sexu-genero disidentzia haurren aurkako erasoekin lotu izana.

Lintxamendu kanpaina eta eraso antolatu hauek olatu erreakzionario oso baten parte dira, ezker- eskuin hedatzen ari dena. Euskararen aurkako erasoen edo langile mugimenduaren kriminalizazioaren gisan, transfobia, misoginia eta arrazakeria ere olatu erreakzionario berberaren parte dira eta askotan ez zaie garrantzi bera ematen. Aldi berean, gogorarazi nahi dugu ultraeskuinak feminismoaren, sexu genero disidenteon edo pertsona arrazializatuen borrokaren aurkako mezuak erabiltzen dituela gizonen atxikimendua lortzeko.

Ultraeskuinak eta olatu erreakzionario honen parte diren sektoreek, demagogikoki aurkakoa adierazi arren, patriarkatuaren, kolonialismoaren eta kapitalismoaren erreprodukzioa dute helburu. Sektore prekarizatuak, bazterrekoak eta mugimendu sozialak jartzen dituzte arazoaren erroan: pobrezia, prekarizazioa eta heriotzak nagusi diren garaiotan, eraldaketa sustatu dezakegun mugimenduak desintegratu eta desagerrarazteko.

Udalekuak aitzakia soila besterik ez dira izan haien mundu ikuskera transfobo eta erreakzionarioa zabaltzeko, eta horren aurka borrokatzen den oro erasotzeko.

Baina guk argi diogu: kalean eta sare sozialetan erasoek hartzen dituzten hamaika formei erantzuteko prest egongo gara. Antolatuta eta saretuta gaude, eta geroz eta gehiago gara. Borroka, kolektibotasuna eta autodefentsa transfeminista dira gure tresnak. Aurrean izango gaituzte!

Kaleak, sareak, plazak, udalekuak… gureak dira! Gora borroka transfeminista!

Agirin berdintasun taldea, Ahalduntze Bertso Eskola, Aiuri talde feminista, Aiaraldeko gazte feministak, Akelarre (Santutxuko Talde Feminista), Andoaingo Mugimendu Feminista, Andramanuelak Talde Feminista (Antzuola), Armahiru kolektiboa, Astindu Armayuek (Azpeitiko LGTBI Q+ asanblada), Atxi murka (lbaetako talde transmaribibollo autono­moa), Azeri Gorriak  (Berrizko  asanblada feminista), Ay Dragmela!, Bargastak, Beasaingo Asanblada Feminista, BERHEZI Berdintasun Kontsultoria, Bilboko Gazte Sare Feminista, Bizkaiko  E28 Koordinadora, Bitxi Bitxi  Kolektiboa, Buruntzaldeko Transmaribibolloak, Dekumas LBT, Denon Bizitzak Erdigunean Oñati, Donostiako Asanblada  transbollomarika, Ehgam, EHko Bilgune Feminista, EHko Gazte Feministak, Enor (Zumaiako asanblada transfeminista), Erraustu (lbaetako Gazte Feminista taldea), Errotik, Eztenak talde feminista,  Gasteizko  Mugimendu Feminista, Gipuzkoako  Trans Asanblada, Goierriko  Gazte Feministak, Harramazka (Gasteizko Gazte Feministen taldea) Harrotzen gazte talde feminista, Haziak, lntziri, lñarrosi, Judimendiko Gazte Feministak, Kalamiak, Kiskali (Basauriko gazte talde feminista) Kuir Eztanda, Lea Artibai eta Mutri kuko Desbiauak, Lemoako Zaplast Talde Feminista, Lohixak Loratuz  Lotu, Malerreka eta Bertizaranako mugimendu feminista, Mamarratxosni, Marienea Elkartea, Marieneako Bolleren Taldea, Marrako Martxanterak talde feminista, Matraka, Morbor (Arrasate), Morroxkak (Zarauzko Gazte   Feministak), N üShu Ermuko gazte feministak, Oiartzungo Feministen Asanblada, Oñatiko talde  desbiaua, Oriyoko Pakak,  Oreretako Kuirdinadora!, Pikarraituz Atxabaltako  Gazte Feministak, Sardiñerak, Sare Lesbianista, Sorginen alabak, Sugarri (Sopelako Gazte Feministen Taldea), Sumin Gazte Feministak, Tolosaldeako  Gazte Feministak,Traka (Andoaingo Gazte Feministon Taldea) Ukatu, Zarauzko Bilgune Feminista, Ziztadak (Bilbo Zaharreko Talde Transfeminista), Xulufrinak Lesakako Sare Feminista.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago