Iritzia

Txosnetako gatazka: gainditzeko zorian?

Erabiltzailearen aurpegia Oier Azkarraga

Argazkia: GASTEIZKO TXOSNAK

"Bost urtez luzatu den gatazka hilabete honetan bideratu daiteke, proposamen erreal eta egingarria baitago mahai gainean"

Hilabete baino ez da falta Gasteizko jaiak hasteko eta denbora hau klabea izan daiteke hainbat urtez blokeatuta egon den egoerari aterabidea emateko. Izan ere, dirudienez, irtenbidearen alde egiten duen bigarren proposamen bat eztabaidatzen ari da Txosna Batzordea, zeinak egoera gainditu eta GKS eta Etxebizitza Sindikatuaren parte hartzea ahalbidetuko lukeen. Proposamen horrek agerian uzten du gero eta borondate gehiago dagoela, baita Txosna Batzordea osatzen duten eragileen baitan ere, egoera honekin amaitu eta elkarlanaren aldeko apustua egiteko.

Urtez urte, irtenbidearen aldeko ahotsak ugaritu dira eta ehunka talde, kulturgile edota norbanako izan gara, modu anitzetan, bi eragile hauen parte hartzeari babesa adierazi diogunak. Urtero gaia bolo-bolo dabil kalean, eta askorentzat gero eta ulergaitzagoa da blokeo egoera hau. Ildo horretatik, pasa den ekainean, manifestazio jendetsu batek aldarrikatu zuen badela garaia bazterketa alde batera utzi eta irtenbidearen alde egiteko. Horregatik, txosnen izaera anitza defendatu eta auzia gainditzeko beharrarekin bat egiten dugun guztiontzat, txalogarria eta eskertzekoa da zenbait eragilek ireki duten aukera eta espero dugu besteek ere aukera hau probestea.

"Urtero gaia bolo-bolo dabil kalean, eta askorentzat gero eta ulergaitzagoa da blokeo egoera hau"

Bost urtez luzatu den gatazka hilabete honetan bideratu daiteke, proposamen erreal eta egingarria baitago mahai gainean. Egoera beste urte batez blokeatuz gatazka areagotzeak ez dauka zentzurik. Jokoan dagoena hainbat urtez katramilatua egon den egoerari amaiera jartzea da, eta, horretarako, elkarlanerako zubiak eraikitzen hastea premiazkoa da. Jokoan dagoena gure esparru anitzak babestea da; non denon kabida bermatu behar den. Horregatik, hain zuzen, nire izen propioan hitz egiten badut ere, askoren ahotan eta pentsamenduan dagoen konponbiderako deia luzatu nahiko nioke Gasteizko Herri Mugimenduko eragile guztiei eta baita Mugimendu Sozialistari ere. Elkarlanean oinarritutako bide bat jorratzen has daitezen. Txosnetako gatazka gainditzeko momentua hau da.

Oier Azkarraga

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago